Jostura desegin zaio Sheini

Burtsan kotizatzen hasi da moda azkarreko Txinako enpresa, Hong Kongen. Enpresaren balioa %73 inguru jaitsi da azken lau urteetan.

Shein Hong Kongeko burtsan sartu den unea, gaur. MAY JAMES / EFE
Shein Hong Kongeko burtsan sartu den unea, gaur. MAY JAMES / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko irailaren 1a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enpresa txinatarrek leku pribilegiatua dute Internet bidezko erosketetan, batez ere moda azkarrari dagokionez. Eta horietan guztietan erregea Shein da. Azken urteetan jantzien merkatuko zati handi bat bere egin du. Gaur burtsan hasi da kotizatzen; Hong Kongeko burtsa merkatuan, hain zuzen. Enpresaren balioa, baina, ez da duela urte batzuk espero zitekeena. Duela lau urteko kalkuluen arabera, Sheinen balioa 85.000 milioi euro inguru ziren; gaur, ordea, 22.700 milioi euroko balioarekin irten da burtsara. Hau da, %73 inguruko jaitsiera izan du.

Eta egoera are larriagoa izan zitekeela zirudien atzo enpresa txinatarrarentzat. South China Morning Post hedabideak argitaratu zuenez, Hong Kongeko merkatu grisean adituak diren iturriak aipatuz, akzioen prezioa %28 apaldu omen zen. Merkatu grisa deritzo enpresa batek burtsara salto egin aurreko egunetan paraleloki abiarazten diren akzioen salerosketei. Azkenean, jaitsiera ez da hain nabarmena izan. Akzioei hasieran ezarritako prezioak %10 egin du behera aurreneko minutuetan. Minutuek aurrera egin ahala, ostera, jaitsiera hori apaldu egin da, eta %4 merkeago saldu behar izan dituzte soilik.

Guztira 280 milioi akziorekin sartu da burtsan, bakoitza 5,33 euroan (48,56 Hong Kongeko dolar, zehazki). Hori dela eta, 1.500 milioi euro eskuratuko ditu. Diru hori baliabide teknologikoak hobetzeko eta nazioarteko hedadura handitzeko erabili nahi dutela adierazi izan du behin baino gehiagotan enpresak.

Sheinek Txinan duen biltegi bat, artxiboko irudi batean. ANDRES MARTINEZ CASARES / EFE
Sheinek Txinan duen biltegi bat, artxiboko irudi batean. ANDRES MARTINEZ CASARES / EFE

Ikusteko zegoen ehungintza enpresak non hartu behar zuen lur, azken urteetan zeresan handia eman baitu. Bi saiakera egin ditu azken lau urteetan: New Yorken (AEB) eta Londresen. Biek, ordea, porrot egin zuten.

Erresuma Batuko hiriburuan eginiko saiakerak, gainera, hautsak harrotu zituen, bereziki. Izan ere, Londresen oniritzia izan arren, Pekinek galarazi egin zion Sheini burtsa hartan sartzea. Horiek horrela, erdibideko eremu bat topatzen saiatu dira, zeina Txinako Gobernuak eta nazioarteko inbestitzaileek onartuko zuten. Eta topatu dutela dirudi: Hong Kong.

Muga zergak, oztopo

Diotenez, hainbat arrazoi daude Sheinen prezioaren jaitsieran, eta, afera jorratu izan duten adituen artean adostasunik ez dagoen arren, denek faktore bera aipatzen dute: AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako Batasuneko muga zergak. Inportatutako pakete txikiei ere aduana tarifak ezartzea erabaki dute azken urteetan biek ala biek, eta Sheinera sartzen diren hamar eurotik sei horietatik datoz: EBkoak dira enpresaren diru sarreren %35, eta AEBkoak, berriz, %24.

Inbertitzaileak lasaitze aldera, neurri horien berri izan zutenean enpresak jakinarazi zuen erosleen gain jarriko zutela prezioen igoera hori. Horrek, ostera, Europan «eragin negatiboa» izango duela ohartarazi du Sheinek.

Prezioen igoerak, hala ere, ez du gaztelua eraitsi. Moda azkarreko enpresetan hirugarren arrakastatsuena da oraindik ere Shein. Gaur egun, Nike da lehenengoa (salmenten %3), Inditex bigarrena (%2,5), eta Shein hirugarrena (%1,9), Txinako CIC aholkularitza enpresaren datuen arabera.

2012an sortu zen Shein —SheInside izenarekin—, eta koronabirusaren pandemiaz geroztik merkatu kuota handia bereganatuz joan da.

Frantziak moda azkarrari zerga ezarri dio

Frantziak 0,5 eta hamabi euro bitarteko zerga ezarri dio moda azkarreko produktuei. Gaur sartu da indarrean neurria, eta, Parisek adierazi duenez, ehungintzaren merkatu «jasangarriago bat» babesteko egin dute zerga horren alde. Zerga hori, hala ere, ezingo da produktuaren prezioaren %50 baino gehiago izan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA