«Juaristiko langileak salduta gaude»

Jarduera geldirik, zorpetuta eta langileek «amore noiz emango» zain. Egoera horretan dago Azkoitiko Juaristi makina-erreminta sektoreko lantegi historikoa.

Ion Larra eta Aitor Kiruri Juaristi enpresako langileak, Azkoitiko lantegiaren atarian, ostiralean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Larra eta Aitor Kiruri Juaristi enpresako langileak, Azkoitiko lantegiaren atarian, ostiralean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mamu bat dabil Azkoitian barrena. Juaristi du izena. Behinola Euskal Herriko makina-erreminta sektoreko ikurretako bat izandako lantegi horretan jada ez da zaratarik entzuten: urtebete baino gehiago da enpresaren jarduera erabat geldirik dagoela. Langileak, hala ere, egunero-egunero doaz lanera. Hala egin zuten ostiralean ere.

«Hau ez dago aguantatzerik. Gure lana da hona etortzea, fitxatzea eta egonean egotea, sei orduz. Ez daukagu beste egitekorik. Lanerako materialik ez dago, ez dago dirurik, ezta brida batzuk erosteko ere. Oso frustrantea da bizitzen ari garena, ezin da esplikatu», azaldu du Ion Larrak. Berak biltegian egiten du lan, eta aurten hemezortzi urte egingo ditu enpresan.

Denbora luzeagoa darama Aitor Kirurik: 38 urte. Tailerrean aritzen da, muntaketa lanetan. 58 urte ditu, eta Juaristitik kanpo ikusten du bere burua. «Azken urtea oso intentsoa izan da. Psikologikoki oso gogorra. Hemengo frustrazioak etxera eramaten ditugu, eta asko sufritzen ari gara. Bizi dugun egoera jasangaitza da».

Hilabete gutxian, lantaldearen %40 inguruk utzi du enpresa, 50 langilek. Kaleratzerik ez da izan, beren kabuz alde egin dute, baina «behartuta», enpresaren egoera zein den ikusita. 2024ko irailetik 2025eko azarora arte 36 lagunek alde egin dute, eta beste 42k kontratua bertan behera uztea eskatu dute epaitegian, kaleratze bidegabe baten kalte ordaina jasotzeko esperantzaz. Gutuna noiz jaso zain daude.

Abenduan zazpiri iritsi zitzaien, urtarril-otsailean beste seiri heltzea aurreikusten dute, eta jarraian, besteei. 2024ko abenduan 97 lankide ziren, eta aurtengo martxoaren amaieran 39 izango direla uste dute. «Eta, horrela segitzen badugu, urte amaieran gutxi batzuk baino ez dira geratuko», azaldu du Larrak. «Epaiketa lehenbailehen iristea nahi dugu langile guztiok, bizimodu berri bati heltzeko».

«Hilzorian»

Langileen arabera, enpresaren egoera oso larria da: hornitzaileekin zor handiak ditu, langileen soldatak eta aparteko ordainketak atzeratzen ari da, lantaldea etengabe murrizten ari da, eta hainbat auzibide zabalik ditu. Iazko hiru hilabeteko soldatak zor dizkie langileei, abuztuko eta abenduko aparteko soldatak ere bai, eta Geroa BGAEko hemezortzi hilabeteko ekarpenak.

Egunero-egunero lantegira doazenak enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat indarrean dute 2025eko maiatzetik. «Horren helburua enpresaren bideragarritasuna bermatzea zen. Baina, sei hilabete igaro ondoren, argi dago helburua ez zela hori. Ez da neurri errealik hartu egoera konpontzeko», salatu du Kirurik.

«Hau ez dago aguantatzerik. Gure lana hona etortzea da, fitxatzea eta egonean egotea, sei orduz. Ez daukagu beste egitekorik»

ION LARRAJuaristiko langilea

Abenduan beste espediente bat sartu zen indarrean. «Lehenengoan zera ezarri genuen baldintza gisa, bigarren espedientea onartzeko langileen ordezkariek adostua izan behar zuela. Baina ez da horrela gertatu. Hala ere, lan agintaritzak onartu egin du. Ez dauka zentzurik», azaldu du Larrak. «Gaur egun egoera okerragoa da duela sei hilabete baino. Ez dakigu zer bide hartuko duen honek, baina, horrela jarraitzen badugu, enpresa galdu egingo da».

«Uste dugu nagusiaren helburua dela guk amore ematea, eta enpresa 25 bat langilerekin saltzea. Salmenta harentzat ahalik eta merkeen ateratzea nahi du»

AITOR KIRURIJuaristiko langilea

Ezohikoa da Azkoitiko lantegian bizi dutena. Langileen arabera, hemezortzi makina dituzte egiteko, enpresak kobratu egin du lan horregatik, baina ezin dituzte fabrikatu materiala falta zaielako. Hemezortzi horietatik hamar jada ez dituzte amaituko, eta geratzen diren zortziak ere nekez entregatuko dituzte, materialik ez baitute. Hornitzaileekin harremanak galdu edo izugarri gaiztotu direla diote, enpresak haiekin zor handiak pilatu dituelako eta zor horiek ordaintzeko planik ez duelako. Etorkizuneko salmentak ere etenda daude. Juaristik harreman ugari egin izan ditu nazioartean, harreman estuak, baina haren produktuak merkaturatzen lagundu zuten agenteekin eta banatzaileekin zituzten harremanak «hautsita» daude orain.

Jabetza aldaketa

Baina nola iritsi dira egoera horretara? Larraren eta Kiruriren arabera, 2017. urtera egin behar da atzera. Carlos Juaristik Zarandona familiari erosi zion enpresa. Hark beste lantegi bat dauka Azkoitian: Aitek. «Haren asmoa zen Aitek-ek behar dituen pieza guztiak hemen ekoiztea. Baina hori ezinezkoa zen trantsizio bat diseinatu gabe. Ez zuen plan estrategikorik egin horretarako. Horren ondorioz, kontratuak atzeratzen joan dira, bezeroak oso haserre daude, eta beste eskaera asko bertan behera geratu dira. Zortzi urte daramagu egoera honetan», azaldu du Kirurik.

(ID_17673659673965) (/JUARISTI ENPRESAKO KOM)
Iazko irailean Azkoitian egindako manifestazioa. BERRIA

Pilatutako zorrei aurre egiteko, Juaristik finantzaketa eske jo zuen bankuetara, baina, Larrak azaldu duenez, baldintza bat jarri zioten: aholkularitza enpresa bat kontratatzea eta bideragarritasun plan bat aurkeztea. «Hori ere ez du egin». Juaristiri «inprobisazioa, estrategiarik eza eta gardentasun falta» leporatu diote langileek.

Egoera ikusita, enpresa batzordeko eta zuzendaritzako kide batzuek komisio bat osatu zuten, baina, salatu dutenez, haiekin ere ez du hitz egin nahi jabeak. «Ez dio inori telefonoa hartzen. Gure bezeroek ez dakite ezer, ezta aholkularitza enpresak eta Eusko Jaurlaritzak ere. Guk jaso dugun informazio apurra Jaurlaritzak eman digu», azaldu du Kirurik.

ENPRESA HISTORIKO BAT EGOERA LARRIAN

1941ean sortu zuten Juaristi, eta enpresa historikoaren kategoria dauka, AFM makina-erremintaren klusterrak emandakoa. Fresatzeko makinen eta mandrinatzeko gailuen fabrikazioan jardun du betidanik. Alegia, pieza metalikoen gainazalak lantzeko eta zulo handiak eta zehaztasun handikoak egiteko makinak ekoizten ditu. Euskal Herriko industria astunaren eta ekipamendu industrialeko sektore estrategikoen hornitzaile nagusietako bat izan da. 

Lantegi bakarra du, Azkoitiko Basarte industrialdean. Enpresa ertain bat da: hirurogei eta ehun langile artean ditu, eta urtean 30 milioi euro inguru fakturatzen ditu. Haren jardueraren %90etik gora atzerriko merkatuetara bideratzen du, eta haren makinak berrogei herrialde baino gehiagotan instalatuta daude, energia, aeronautika, trenbide eta garraio astuneko sektoreetan. 

2017an jabez aldatu zuen: Zarandona familiak utzi zuen haren gidaritza, eta Carlos Juaristik hartu zuen. Azkoitiko beste enpresa baten jabea da Juaristi: Aitek Automation. Ingeniaritza eta automatizazio industrialeko enpresa bat da, eta Juaristiren hornitzaile eta azpikontratista nagusia izan da.

Juaristik bizi duen egoera ezohikoa da. Hala ere, AFM makina-erremintaren klusterraren arabera, arloko enpresek 2024an %23ko beherakada izan zuten eskaeretan, bereziki autogintzaren sektorerako lan egiten dutenek, eta horren ondorioak iazko eta aurtengo fakturazioetan nabarituko dituzte.

Hala ere, Juaristiko langileek argi dute haiek bizi duten krisia ez dela kanpoko faktoreen ondorio, barruko erabakiena baizik. «Zuzendaritza erabat zentralizatuta dago, pertsona bakar baten esku, Carlos Juaristiren esku, kontraste teknikorik gabe, eta bezeroen, agenteen eta merkatuaren errealitateari buruzko inolako ezagutzarik gabe».

Azaroan Jaurlaritzarekin bildu ziren komisioko kideak. «Harekin izan garen guztietan esan diogu alternatiba bat bilatu beharko dela eta egokiena salmenta dela, eta hark ere berdin pentsatzen du. Guk esperantzak genituen Jaurlaritza gehiago inplikatuko zela, baina ikusten ari gara ezin duela ezer egin gizon horrekin». Larraren ustez, enpresa zenbat eta lehenago saldu, orduan eta hobea izango da egoera «denentzat». «Baina nagusiak ez du horrela ikusten», gehitu du Kirurik. «Ez dakigu zer darabilen buruan: ez du saldu nahi, baina ez du bankuek eskatutakoa egin finantzaketa lortzeko. Bitartean, jendea hemen dago, lanik gabe, eta poliki-poliki lantaldea murrizten ari da».

Langile batzordearen arabera, egoerari buelta emateko denbora agortzen ari da, baina aukerak egon badaude oraindik. Jakinarazi dutenez, duela hilabete batzuk «pare bat enpresak» azaldu zuten interesa Juaristi erosteko eta haren jardunarekin aurrera segitzeko, tartean Europako talde batek. «Prest zeuden hegazkina hartu eta hurrengo egunean hona etortzeko nagusiarekin hitz egiteko. Hala jakinarazi genion, baina ez dugu erantzunik jaso», azaldu du Kirurik.

Noiz arte jarraituko dute horrela? «Gure aldetik ezin dugu alternatiba gehiago planteatu. Uste dugu haren helburua dela langileek amore ematea eta enpresa 25 bat langilerekin saltzea. Salmenta harentzat ahalik eta merkeen ateratzea nahi du. Langileak salduta gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.