Jean Claude Junckerrek zuzendutako Europako Batzorde berriaren apustu nagusia izan da ekonomia atoniatik ateratzeko: hiru urtetan ekinaldi publiko-pribatuaren elkarlanaren bidez inbertsiotan 315.000 milioi mugiarazi nahi dituen plana. Lehen urteko emaitzen berri eman du gaur Jyrki Katainen EBko lehendakariorde eta enplegu, hazkunde eta inbertsiorako komisarioak. "Ez dugu huts egin", ohartarazi die programari buruz zalantzak zituztenei. Hori dela eta, udazkenean proposamen bat aurkeztuko dute planarekin aurrera segitzeko 2018an egungoa amaitzen denean .
Bruselaren arabera, honezkero baimendu eta hitzartu diren proiektuek, orotara, 100.000 milioi euroko inbertsioa bideratzea aurreikusi dute. Programaren oinarria hasieratik izan da berme publikoak erabiltzea sektore pribatua erakartzeko. Emaitza espero zenaren gainetik egon direla ziurtatu du Katainenek. Euro publiko bakoitzeko hamabost euro pribatu mugitzea zen asmoa, eta 23 euro izan dira, proiektu gehienak enpresa txiki eta ertainen bidez egitean efektua handitu duelako.
Momentuz, batasuneko herrialde guztietan garatu dira Junckerren planari lotutako inbertsio proiektuak, Maltan eta Zipren izan ezik. Lehen zutabea azpiegitura eta berrikuntza proiektuak dira. Esparru horretan 64 proiektu finantzatzea erabaki du EIB Europako Inbertsio Bankuak. Horien artean dago Gestamp korporazioaren autogintza atalak aurkeztutako bat. 330 milioi gastatuko ditu Europan dituen lantegietan —tartean, Euskal Herrikoak— berrikuntza sustatzeko. Europak 160 milioi jarriko ditu horretan.
Bigarren zutabea, eta, oraingoz, arrakastatsuena, enpresa txiki eta ertainentzako finantzazioa izan da. 185 akordio sinatu ditu Europako Inbertsio Funtsak, eta horiei esker 141.800 enpresek eskuratuko dute finantzazioa. Italiak hartu du lidergoa programaren erabileran, Alemania eta Frantziaren aurretik.