Laneko legeria

Kaferako eta erretzeko denbora lanalditik kentzeko oniritzia eman dio Auzitegi Nazionalak enpresa bati

Espainiako Auzitegi Gorenak izango du azken hitza, CCOOk helegitea aurkezten badu. Lanaldiaren erregistroa ezartzerakoan hasi zen Galp Energia kaferako eta erretzeko tarteak lanalditik kanpo kontatzen, eta horiek ez zeuden lan itunean hitzartuta. Auzitegi Nazionalaren ustez, Galp Energiaren kasuan, tarte horiek ez dira eskuratutako eskubideak.

Erretzaile bat, zigarreta eskuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irune Lasa.
2020ko otsailaren 11
13:40
Entzun

Hizpide aproposa izan daitekeena lankide arteko kafe eta zigarretetarako: Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoia eman dio Galp Energia enpresari, legezko iritzi baitio langileei fitxaraztea kaferako eta erretzeko hartzen dituzten tarteengatik. Lanaldiaren derrigorrezko erregistroa ezarri zenean, Madrilgo Galp Energiak mezu elektroniko bidez jakinarazi zien langileei fitxatu egin behar zutela kafe bat hartu edo zigarreta bat erretzeko jarduna erretzen zuten aldiro, eta tarte horiek lanalditik kanpokotzat jotzen zituela.

CCOO sindikatuak auzibidera jo zuen enpresaren erabakiaren kontra, argudiatuta tarte horiek lanaldiaren parte zirela, «langileen onurarako» jada eskuratutako eskubideak ziren heinean, eta enpresak, alde bakarrez, langileen lan baldintzak okertzen zituen aldaketa bat egin zuela. Baina, Auzitegi Nazionalaren arabera, Galp Energiaren kasuan, erregistro berriarekin enpresak egindako moldaketa horiek ez dira «lan baldintzen funtsezko aldaketa» bat, eta, beraz, ez dira zertan negoziatu behar langileen ordezkariekin.

Tarte horiei buruzkoak negoziatu beharreko aldaketak izateko, epaiaren arabera, baldintza horiek aurretik existitu beharko lirateke langilearen kontratuan, enpresaren hitzarmenean edota aurretik enpresak hartutako aldebakarreko erabaki batean, eta Galp Energiaren kasuan ez dago halakorik. Ez da frogatu, gainera, erregistroaren aurretik enpresak kaferako eta erretzeko tarteak lanaldiaren barneko gisa ulertzen zituenik, eta, ondorioz, ez ditu tarte horiek eskuratutako eskubide gisa aitortzen.

Auzitegi Nazionalaren epaiari helegitea aurkezteko aukera dute orain aldeek, eta, kasu horretan, azken hitza Espainiako Auzitegi Gorenak izango du.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.