Enplegua. Langabeziaren 2010eko emaitzak

Kale gorrian bi urtez

Elecqui eta Lehoiko Biotz enpresetako langileen erdiak langabezian daude kaleratu zituztenetik, orain dela bi urte; kaleratze ordainsaria jasoko dutenik kolokan jartzea leporatzen diete bankuei.

Benedi industria taldeko langile ohiak, Santander bankuaren Bilboko egoitzaren aurrean protestan, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bi urte lanik aurkitu ezinean, langabezia saria bukatzeko zorian eta hipoteka eta bestelako zamei hilero aurre egin beharra. Euskal Herriko milaka langaberen errealitatea ez ezik, Benedi lantegietan aritu eta duela bi urte kalean utzi zituzten langileen egoera da azaldutakoa. Elecqui eta Lehoiko Biotz enpresetako 280 langileetatik, erdiek ere ez dute lortu lan merkatura bultatzea. Hala dio Agapito Valle Trapagako fabrikako langile batzordeko buru izandakoak.

Bizkaiko industria taldeak bere hiru lantegiak itxi zituenetik bi urte beteko dira laster, eta, ondorioz, lankide gehienek otsailean bukatuko dute langabezia saria: «Oso urte zailak izan dira, ikastaroak eta ahal izan duten guztia egin dute, baina enpresan hogei urte eman zutenen trebakuntza zaharkituta dago».

Adin batekoek, gainera, bestelako zailtasunak dituzte; Valentin Merinok, esate baterako. Benedi taldean 30 urteko antzinatasuna zuen lantegiak itxi zituztenean. Zaharrena zelako, gainerakoak baino pixka bat beranduago kaleratu zuten. Horri esker, langabezia saria martxoaren 6ra arte jaso ahal izango du, eta, ordutik aurrera, aukera bakarra: «Aurrez erretiratzea bilatu beharko dut».

Askorentzat konponbide erraza eman dezakeena harentzat ez da aukera xamurra, 61 urterekin erretiratuta pentsioaren %60 eta %70 bitarte bakarrik kobratuko duelako: «44 urtez lan egin eta gero, pentsioa osorik jasoko nuela espero nuen duela gutxira arte». Enpresa itxi aurretik, bazuten eskubidea erretiro partziala hartu eta txandakatze kontratu batekin ordezkatua izateko. Krisialdiaren ondorioek, alabaina, garai bateko planak hondatu dizkiote Merinori. Hala eta guztiz ere, lankideengatik dauka kezka handiagoa, «modu txarrean bada ere, nire etorkizuna konponduta baitago».

Jose Maria Martinen egoeran, ziurgabetasuna da nagusi. Elecquin 22 urte eman zituen lanean, eta, orain, 47 ditu. Bi seme-alaba ditu zaindu beharrak eta jaten eman beharrak, hipoteka ordaintzeke eta laster bukatuko du langabezia saria. Emazteak ez bezala, «noizean behin zerbaitetan lan egiten baitu», Benedi taldeko langile ohiak ez du zorterik izan: «Behin eta berriro esaten didate nire adinarekin inork ez zaituela nahi; 20 urteko gazteak nahi dituzte, esperientziadunak eta mila pezeta kobratzeko prest daudenak».

Espainiako Gobernuak 426 euroko laguntza kentzeko asmoagatik ere etsipenak jota dabil Martin, baina azken onuradunen taldean sartuko den itxaropena dauka oraindik. Bestela ere, enpresa likidatzetik zor dioten diru kopurua, 13.000 euro, kobratuko duenik ez du uste. «Martxa honetan, pankarta uzten dugun egunean eskean hasi beharko dugu».

Ordainsariak bankuen esku

Ordainketak eten zituenetik, Ricardo Benedi enpresaburuari negozioaren likidazioa «ahalik eta merkeena egiteko estrategia» diseinatzea leporatu zioten sindikatuek. Itxieratik bi urte igaro ostean, taldearen ondarea, pabiloiak, likidatzea besterik ez dela falta azaldu du Vallek. Hartzekodun nagusiak, BBVA eta Santander bankuak, interesei uko egiteko prest azaldu ziren, baina atzera egin dute orain; «dena nahi dute».

Epaileak urtarrilaren 10erako jarri du ondarea enkantean saltzeko eguna, eta, bankuek interesak ere eskuratuz gero, langileek ez dute kaleratze ordainsaririk jasoko. Orain arte erdia baino ez dute lortu gehienek, Fogasa funtsetik. Valleren esanetan, oso zaila izango da langileei zor dietena eskuratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.