Europako Batasuneko lehendakaritza sei hilabetez hartzeko ekitaldi ofizialak egin zituen Espainiak atzo. PSOEko Antolakuntza idazkari Leire Pajinek «munduko gertaeratzat» jo zuen eguna iritsi da - Obama lehendakari AEBetan, eta Zapatero Europan -, baina ekonomiaren errealitate egoskorrak ospakizun giroa iluntzeko konspiratu du. Europako Batasuneko estatistika erakundeak, Eurostatek, langabeziaren hazkundeari buruzko azken datuak ezagutarazi ditu. Eta datuek - edo errealitateak - ez diote Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuari mesede handirik egingo.
Ezaguna zen Espainiak EBko langabezia tasarik handienetan bigarrena duela, finantza krisiaren enbata oraindik gogor jasaten ari den Letoniaren atzetik. Kopuru gordina da (%19,4), baina irakurketa sakonago eginda, are beldurgarriagoa da. Azken hamabi hilabeteetan eurogunean zenbatu diren langabe berrietatik %40 - hamarretik lau - Zapateroren gobernuaren ardurapekoak izan dira, guztira 1,2 milioi lagun. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, txanpon bakarra duten herrialdeen populaziotik %20 inguru duela kontuan hartuta.
Kontinenteko herrialde lehiakorrenekin alderatuz gero, lotsarazteko arriskua legoke. Hala, Alemaniak langabe berrietatik %6 sortu ditu, eta populazioaren ia %40 du. Frantzian milioi erdi bat lagun geratu dira beharrik gabe, euroguneko %17, baina populazioaren %28 du.
Krisia hasi zenetik Espainian - eta Hego Euskal Herrian, legedia bera delako - kaleratzea garestiegia dela entzun izan dugu, eta lan erreforma bat beharrezkoa dela. Halako araudi ustez zorrotz batekin 1,2 milioi lagun lanik gabe geratu badira, zer gertatuko zen beharginak kalean uztea are merkeagoa izan balitz?
Kaleratzea garesti?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu