Zorraren krisia

Kaleratzeak, diruaren truke

Nazioartearen laguntza jasotzearen truke, beste 150.000 funtzionario kaleratzeko egitasmoa prestatzen ari da AtenasPapandreuk gaur azalduko ditu EBrekin eta NDFrekin adostu berri dituen murrizketak

2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Azken bi urteotan neurri mingarri asko hartu behar izan ditu Greziako Gobernuak. Pentsio publikoen sistema erreformatu du, zerga berriak sortu eta zaharrak igo ditu, gizarte laguntzak murriztu ditu, ehunka erakunde publiko kendu eta 200.000 funtzionario kaleratu ditu, baina ez da nahikoa. Nazioartearen konfiantza berreskuratu eta laguntza jasotzen jarraitu nahi badu, gastu publikoa murrizteko neurri berriak hartu beharko ditu, horien artean, langile publiko gehiago kaleratzea. 2015a bitarte ministerioetako langileen %30 botatzea da aztertzen ari den aukera, 150.000 lanpostu kentzea hain zuzen. Horretarako, Dimitris Repas Administrazioko Erreformetarako ministroak hamar egun eman dizkie behar-beharrezkoak ez diren langile guztienzerrenda egiteko.

Europako Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtseko ordezkariek eta Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroak azken bi egunetan bideokonferentzia bidez egin dituzten bileren harirazabaldu da kaleratzeei buruzko berria. Eta ez da berri bakarra. Greziako Mega telebista katearen arabera, nazioarteko ikuskatzaileek aldi baterako kontratuak dituzten 25.000 funtzionario berehala botatzeko aholkua eman diote Atenasi, horrek 1.000 milioi euro aurreztea ahalbidetuko liokeelako. Horrez gain, beste 100.000 langile kaleratze aurreko egoera batean jartzeko gomendioa eman diotela dio Eleftherotypia egunkariak. Egun 800.000 langile publiko ditu Greziak.

Urriaren 1etik aurrera sektore publikoko langileei soldata txikiagoak pagatzeaz ere aritu dira bilera horietan. Mega katearen esanetan, langile guztiei %15 eta %20 artean murriztu nahi diete hileroko saria, estatuaren gastuak %25 murrizteko helburuarekin. Modu horretara, inork ez lituzke hilean 2.000 euro baino gehiago jasoko. Erretiro pentsioak are gehiago jaisteko, 60 erakunde publiko berehala ixteko eta pribatizazio plan bat garatzeko ere eskatu ei diote Atenasi. Neurri horien helburua aurtengo aurrekontuetan duen 2.000 milioi euroko zuloa estaltzea da, batetik eguneroko gastuak pagatu ahal izateko eta bestetik urtea barne produktu gordinaren %7,6aren pareko defizitarekin bukatzeko. Hori ezinbesteko baldintza du nazioartearen laguntza jasotzen jarraitzeko.

Dena dela, Greziako hedabideek aurreratutako neurriak baino ez dira horiek. Yorgos Papandreu lehen ministroa eta Venizelos gaur goizean biltzekoak diren beren gobernu taldearekin, azken bi egunetako bileren edukiak zehatz mehatz azaltzeko. Horren ostean, agerraldia egingo dute hitzartutakoaren berri emateko.

Grezia estualdi larrian dago. Urrira arte irauteko adina diru badu, baina gehiagorik ez. Berez, dagoeneko jasota behar zuen EBrekin eta NDFrekin iazko maiatzean hitzartutako 110.000 milioi euroko erreskatearen seigarren zatia —8.000 milioi euro—. Baina adostutako neurriak agindu baino mantsoago ari da indarrean jartzen, eta nazioarteak ekintzak nahi ditu, ekintzak eta emaitzak.

Iaz, esaterako, defizit publikoa barne produktu gordinaren %9,4aren parera jaitsiko zuela agindu zuen, baina urtea %10,5eko defizitarekin bukatu zuen. Helburuak betetzera, aurten BPGaren %7,6ra arte jaitsi beharko luke, baina aurreikuspen guztiak kontra ditu. Atenasen eraginkortasun ezaren beste adibide bat enpresa publikoak pribatizatzeko planaren martxa motela da. Uztailaren 21ean, Greziari 160.000 milioi euroko bigarren erreskate bat ematea erabaki zuten EBk eta NDFk, inbertsiogile pribatuen «borondatezko» parte hartzearekin. Laguntza horren truke pribatizazio plan bat martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen Atenasek, 2015a bitarte 78.000 milioi euro poltsikoratzeko. Bi hilabete igaro dira eta OTE telekomunikazio enpresaren %10 baizik ez du saldu.

Porrota ziurtzat jo du Fitchek

Agindutako guztia betetzen badu, laguntza emango diotela agindu diote EBk eta NDFk. Horrek bakarrik, ordea, nekez libratuko du porrotetik. Fitch kalifikazio agentziak, esaterako, ziurtzat jotzen du ordainketak eten beharko dituela; ez du uste, ordea, herrialdeak euroa utziko duenik, «aurrekari arriskutsuegia ezarriko lukeelako eta eurogunearen sinesgarritasunari kalte handia egingo liokeelako». Agentzia estatubatuarraren irudiko, ez dago babes publikorik eta borondate politikorik «Europako Estatu Batuak» sortzeko, zergetan eta politikan erabateko bateratzea gauzatu beharko litzatekeelako. Hala ere, ez du uste euroaren eremua hautsiko denik, kostu handiegia izango lukeelako. Horregatik, euroguneko 17 herrialdeen eta haietako finantza erakundeen zorraren kalifikazioa bere horretan uztea erabaki du kalifikazio etxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.