Kamioi elektrikoa, droneak eta ibilgailu adimendunentzako probalekua, AICren bosgarren fasearen ardatzak

22.000 metro koadroko pabiloi bat eraikiko dute Zornotzan. Prototipoak «egoera errealetan» probatu ahal izatea da helburuetako bat.

AICren bosgarren fasearen aurkezpen ekitaldia. Atzean, Elixabete Etxanobe hizketan. BIZKAIKO ALDUNDIA
AICren bosgarren fasearen aurkezpen ekitaldia. Atzean, Elixabete Etxanobe hizketan. BIZKAIKO ALDUNDIA
Imanol Magro Eizmendi.
Zornotza
2026ko maiatzaren 8a
13:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

AIC autogintzarako industriaren ikerketa guneak bere bosgarren faseari ekingo dio hurrengo urtean. Pabiloi berri bat eraikiko du Zornotzan (Bizkaia) duen ikerketa parkean, eta bertan, besteak beste, kamioi elektrikoaren garapena, droneak eta mugikortasun ekosistema digitala (mugikor aplikazioak, autoa elkarbanatzeko aplikazioak...) garatuko dituzte. Dena den, Ines Anitua AICko zuzendari orokorrak azaldu duenez, «ingurune errealean sarea» izango da fasearen gako handienenetako bat.

Pabiloi berriaren lanen lizitazioa egiteke dago oraindik, baina ondo bidean hurrengo urte hasieran hasiko dituzte lanak. Ondo bidean, bi urte iraungo dute, baina litekeena da gehiago irautea —22.000 metro koadro izango ditu—. Fase berriak AIC Distritua du izena, eta Bizkaiko Aldundiak jarriko dituen 37 milioi eurorekin ordainduko dute. Azpiegitura berriarekin, AIC fundazioak egun duen bazkide kopurua %20 eta %30 artean handitzea espero du.

«Autogintzan, prototipo asko ez dira garaiz iristen ezin direlako probatu egoera errealetan»

ISABEL ANITUA AIC fundazioko zuzendari nagusia

Ez dira garai onenak autogintzarentzat, baina Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkezpenean esan du orain dela ikerketan inbertitzeko garaia: «Sektorea Europan murrizketak egiten ari den honetan, gure erantzuna lehiakorragoak eta berritzaileagoak izatea da». Eta nola? Adibidez, prototipoak probatzeko erraztasunak emanez, Anituak nabarmendu baitu hori gabezia handia dela: «Autogintzan, prototipo asko ez dira garaiz iristen ezin direlako probatu egoera errealetan».

Gidaririk gabeko autoak, droneak... halakoak probatzeko legezko muga asko daude Hego Euskal Herrian, eta fase berrian probaleku handiagoa izango dute. Esaterako, gidaririk gabeko autoak Zornotza inguruko errepideetan probatu dituzte dagoeneko, baina oso mugatuta daude legez, eta pabiloi berrian laborategi handiagoa izango dute.

Probaleku hori, dena den, ez da Euskal Herrira mugatuko, eta hor datza «sarea» kontzeptua. Bazkideak dituzten herrialdeetan ere probatu ahal izango dituzte prototipoak, haien legedia ez delako hain zorrotza. Fundazioak 31 bazkide ditu, bederatzi herrialdetakoak. Esaterako, Mexikon probak egiteko aukera legoke, eta haiek Zornotzatik bilakaera aztertzekoa.

AICren bosgarren fasearen aurkezpena
AICren bosgarren fasea izango denaren diseinua. BIZKAIKO ALDUNDIA

Probalekuaz gain, fase berriak sei lan eremu izango ditu. Aurrenekoa ibilgailu astun elektrikoena eta adimendunena izan da. AICn sinetsita daude kamioiak elektrifikatu daitezkeela, eta bateria astunen arazoa hidrogenoarekin konpondu. Sektoreko enpresa esanguratsu batek ikertzeko eskatu die, baina konfidentzialtasun arauengatik ezin izan dute eman haren izena.

Beste ikerketa eremuetako batzuk hauek izango dira: ibilgailu elektrikoen kargagailuan garapena; ekoizleen eta hornitzaileen artean informazio trukaketa egiteko gune berriak; ekonomia zirkularra eta mugikortasun ekosistema digitalak garatzea. «Ekosistema horien helburua garraioa, energia eta errepide zerbitzuak integratzea da», aipatu du Anituak. Labur azalduta, garraio eta mugikortasun programa informatikoak eta aplikazioak dira.

Xiaomi baten barrenak aterako dituzte hilaren 14an

AIC zentroaren eraikin nagusiaren sarreran goitik behera desmuntaturiko Xiaomi SU7 Max auto bat dago gaur egun. Fundazioak erosi eta desmuntatu egin du, eta osorik ikus daiteke: bateriak, motorra, aluminiozko piezak... Teknikariek hilaren 14an emango duten ikastaro batean azalduko diete interesa duten sektoreko enpresei zein berezitasun aurkitu dituzten haren teknologian. Legezko jarduna da, eta beste hainbat autorekin egin izan dute.

Seigarren eremua Software Defined Vehicle da, alegia, auto elektrikoen softwarea eta haien zerbitzu digitalak garatzeko gunea. Izan ere, aurkezpenean azaldu dutenez, autoak eraikitzeko ordena aldatu egin da. Alde horretatik, Xiaomi telefono konpainiaren eredua jarri dute; hark lehenbizi autoaren softwarea diseinatzen du, eta hura instalatzeko ibilgailu bat aurkitzen du gero.

Horietaz gain, bi alor teknologiko garatzea da AICren asmoa: teknologia kuantikoa autogintzan aplikatzeko modua edo eVTOL ibilgailuak. Electric Vertical Take-Off and Landing-en akronimoa da. Droneak eta helize bidez hegan egiten duten ibilgailuak dira. Mugikortasuna orain arte horizontalean pentsatu izan da, eta «bertikalean» ere pentsatu behar dela uste du AIC. Droneak, zertarako? Bada, zama garraiatzeko, aerotaxi zerbitzurako...

Horretan diharduten enpresak badaude Euskal Herrian, baina probak egitea oso zaila da, aire eremua erabiltzeko arauak oso zorrotzak direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA