Kamioi gidari bat hil da gaur goizaldean Erriberri parean (Nafarroa), errepide istripu batean. AP-15 autobidean gertatu da ezbeharra: kamioia bidetik atera da, eta irauli. Ibilgailuan ez zihoan beste inor. Hildakoa 38 urteko gizonezko bat zen, eta Iruñean bizi zen.
Foruzaingoaren arabera, 04:00 aldera gertatu da istripua, AP-15 autobidearen 43. kilometroan, iparralderako noranzkoan. Haraino joan dira suhiltzaileak, anbulantzia bat eta Foruzaingoa, baina gidaria hilik zegoen ordurako. Foruzaingoak Tuteran duen atestatuen taldea ikertzen ari da zer gertatu den. Garraiolariaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten.
Euskal Herrian, hamalau garraiolari hil dira aurten lanean ari zirela, iaz urte osoan bezainbeste. «Hilero-hilero hiltzen da garraiolari bat gutxienez, edo hemengo garraiolari bat kanpoan, ala garraiolaria hemengo errepideetan», salatu du Hiru garraiolarien sindikatuak. Guztira 46 lan heriotza zenbatu dira Euskal Herrian 2025ean.
Sindikatuek gaitzetsi egin dute lan heriotza. Hiru sindikatuaren arabera, esanguratsua da gertaeraren ordua: 04:00ak. Sindikatuak salatu du prekaritateak eta lan baldintza kaxkarrek hil egiten dutela. Heriotza gaitzesteko, ostiralerako deitu dute kontzentraziora LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek, Nafarroako Parlamentuaren eta Lan Ikuskaritzaren aurrean, goizeko 11:00etan.
LABek, berriz, esan du larritzekoa dela garraio sektorearen prekarizazio maila. «Hainbatetan eskatu izan dugu administrazioak sektorearen prekarizazio joera bortitz horri mugak jarri behar dizkiola», dio. ELAk ere gertatutakoa eta sektorearen arautze falta gaitzetsi ditu, eta gehitu du: «Garraiolariek izaten dituzten lan istripuak ez dira askotan zenbatzen estatistika ofizialetan, trafiko istripu gisa ezkutatzen direlako».