Langile bat hil zen atzo Canteras de Alaiz harrobian (Tiebas, Nafarroa), haren kamioia bidetik irten eta iraulita. Nafarroako Gobernuaren arabera, 12.20 aldera kamioia harrobitik errepidera doan bidetik atera zen eta soro batera erori zen. Langileak -Atarrabiako P.C.M., 32 urtekoa- ezin izan zen ibilgailutik irten eta kolpeen ondorioz hil egin zen.
Nafarroako UGTk heriotza salatu du eta nabarmendu du langilea azpikontratuta zegoela. UGTk ikerketa «sakona» eskatu du eta gogorarazi du enpresa kontratatzaileek eta azpikontratatuek lan segurtasunerako arauak bete behar dituztela. Admnistrazioari eskatu dio enpresetan begirale lana egiteko irregulartasunak izan ez daitezen, eta zigor ditzala aurkitutakoak. Eskaera horiek berak egin ditu Nafarroako CCOOk, eta ziurtatu du lan istripuak eragotz daitezkeela, «baina soilik lan arriskuei buruzko arauak eta legeak betetzen direnean». UGT sindikatu nagusia da Canteras de Alaizen, eta langile guztiak ditu ditu bost minutuko elkarretaratzea egin dezaten gaur 13:00etan, enpresan bertan.
Joan den larunbatean beste kamioilari bat hil zen, Villabonan (Gipuzkoa). Ertzaintzak argitu ez dituen arrazoiak direla eta, ibilgailua N-1 autobiatik atera egin zen eta trenbidera erori zen. Gidaria ibilgailuan geratu zen harrapatuta, eta ateratzea lortu zutenerako hilik zegoen. Marokoarra zen eta 35 urte zituen.
Arrasaten ere istripua
Halaber, Tiebaskoa ez zen izan atzo gertatutako istripu bakarra. Arrasaten (Gipuzkoa) bi kamioik elkar jo zuten Kanpazarreko mendatea baino metro batzuk lehenago. Gidarietako bat ospitalera eraman behar izan zuten zaurituta. 13:00 inguruan izan zen ezbeharra eta errepidea bi noranzkoetan itxi zuten ibilgailuak erretiratzeko.
Kamioi gidari bat hil da Tiebasko harrobian, haren ibilgailua iraulita
Lan segurtasunerako arauak betez gero istripuak eragotz daitezkeela ziurtatu dute UGTk eta CCOOk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu