Garraioa

Kamioientzako N-1eko bidesarien sistema berria gaitzetsi du Hiruk

Gaur zortzi ezarriko dira aldaketak N-1aren Gipuzkoako zatian. Garraiolarien sindikatuaren ustez, beste behin ere, bertako garraiolariak "zigortuko" dituzte.

Kamioiei bidesaria kobratzeko arku automatikoa, N-1ean Andoainen. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2019ko maiatzaren 7a
07:29
Entzun

Hiru Garraiolarien Euskal Herriko sindikatuak ez dio abegi onik egin Gipuzkoako Aldundiak N-1eko bidesari sisteman egingo duen aldaketari. Hiruren arabera, gaur egungo sistemak jada bertako kamioilariak zigortzen ditu gehien, bertako garraiolariak igarotzen direlako maizen ordainpeko tarte horietatik. Tarte berriak eta prezio garestiagoak N-1 errepidea "gehien erabiltzen dutenen" kalterako izango direla uste du sindikatuak, "garraiolari nafar, bizkaitar, arabar eta batez ere, gipuzkoarrak zigortuko ditu".

Gipuzkoako Aldundiak N-1aren bere zatian kamioientzat ezarritako bidesari sistema gaur egun auzibidean dago. Joan den urteko apirilean, indarrean jarri eta hiru hilabete eskasera, sistema hori ez zela bidezkoa ebatzi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Espainiako CNTC Garraioaren Batzorde Nazionalak ezarritako helegiteari men eginez. Epaiaren arabera, sistemak Gipuzkoatik kanpoko kamioilariak diskriminatzen ditu. Aldundiak Auzitegi Gorenera jo zuen epaiaren aurka, eta oraindik ez dago gaiari buruzko ebazpenik. Dena den, diputazioak bidesariei eustea erabaki zuen, eta gaur egun bidesaria ordaintzen dute N-1eko tarte jakin batzuetatik igarotzen diren kamioiek.

Hala ere, El Diario Vascok argitaratu duenez, datorren asteartetik aurrera aldaketak izango dira bidesari sisteman, auzibidetik agertu daitezkeen oztopoei aurre hartzeko. Andoain-Astigarraga tartea pagatzeko gaur egun Irunen dagoen arku automatikoa desagertu egingo da, eta arku berri bat ezarriko da Astigarragan, Hernani-Astigarraga  A-15eko tartea ordaintzeko. Horrekin batera, kamioientzako ordainpeko zatia handitu egingo da Andoainen, bai Lasarte aldera baita —A-15etik— Urnieta aldera ere. Arku automatiko txikiago bat egongo da azken irteera horretan, bertan sartzen diren kamioiek egingo duten tarte txikiagoa aintzat hartzeko.

Herrialdea N-1etik zeharkatzen duten kamioiek hiru ordainlekutatik pasa beharko dute sistema berriarekin. Hori bai, orotara, Gipuzkoa igarotzeagatik orain baino gutxiago ordaindu beharko dute —1,5 euro gutxiago—. Aldiz, Andoaingo ordainpeko tartetik pasatzea garestiagoa izango da lehen baino, prezioak bikoiztu egingo direlako. Herrialde barneko tarte hori da, hain zuzen, Gipuzkoako garraiolariek gehien erabiltzen dutena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.