Kamioi baten eta bi autoren artean istripu bat gertatu da asteazken arratsaldean A-1 autobidean, Agurain (Araba) parean, Gasteizko noranzkoan. Kamioi gidaria hil egin da; 61 urte zituen. Beste bi pertsona larri zauritu dira ezbeharrean, eta Gasteizko Txagorritxuko ospitalera eta Santiago ospitalera eraman dituzte.
Istripuan kamioiaren kabinak su hartu du, eta ke handia eragin du; ondorioz, autobidea bi noranzkoetan moztu behar izan dute. Auto anitz pilatu dira, eta trafikoa A-3138 bidetik desbideratu dute. Ezbeharraren lekura bertaratu dira Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak.
Sindikatuen zenbaketaren arabera, 24 behargin hil dira aurten, eta horietatik bost kamioilariak ziren. A-1eko inguru horretan aurten izandako bigarren istripu hilgarria izan da. Joan den urtarrilean 54 urteko kamioilari ukrainar bat hil zen.