Kamioilari bat hil da Tolosan, N-I errepidean ibilgailua irauli ostean

Istripuaren ondorioz, ibilgailuaren kabinan harrapatuta gelditu da gizonezkoa, eta bertan hil da

Erredakzioa
2008ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Kamiolari bat hil zen atzo N-I errepidean, Tolosa (Gipuzkoa) inguruan, arratsaldeko hiru eta erdiak zirela. Gizonezkoak gidatzen zuen ibilgailua errepidean irauli zen, eta, ondorioz, kamioiaren barruan harrapatuta gelditu zen. Kabinatik ateratzerik ez zuen izan, eta bertan hil zela baieztatu zuten anbulantzian joan ziren mediku zerbitzuek.

Kamioilariaren gorpua ibilgailutik ateratzeko Gipuzkoako suhiltzaileak bertaratu behar izan ziren, eta, bitartean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak N-I errepidea moztu behar izan zuen Irunerako bidean. Ondorioz, auto ilarak izan ziren. Arratsaldeko bostak aldera bidea ireki zuten berriro.

Ezbeharra zerk eragin zuen argitzerik ez duela izan jakinarazi zuen Herrizaingo Sailak.

Hirugarrena astebetean

Joan den igandean, 35 urteko beste kamioilari bat hil zen Castejonen (Nafarroan), eta, asteartean, berriz, 18 urteko behargin bat hil zen Gasteizko URRSA enpresan. Sei egunetan, hartara, hiru lagun hil dira lan istripuan Euskal Herrian. Urtea hasi denetik, lan ezbeharretan hildakoak 97 dira, LAB sindikatuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.