Kanpoko langileak kontratatzeko zuzendaritzak hartu duen erabakia salatzeko, lanuztera deitu dute sindikatuek Nafarroako Volkswagenen hilaren 24rako. Zuzendaritzak Polo eredu berria merkaturatzeko langile kualifikatuak behar dituela esan du eta, postuok betetzeko, plantillan ez dauden langileak kontratatu nahi ditu.
Greba egiteko erabakia aho batez onartu zuen lan batzordeak, atzo. Lan batzordea UGTko hamar ordezkarik, CCOOko zazpik, LABeko seik, CGTko bostek eta CCko batek osatzen dute. Otsailaren 24an eginen duten lanuztean, txanda bakoitzeko bi ordu geldituko dute produkzioa. Gaueko txandan 04:00etatik 06:00etara eginen dute lanuztea, goizekoan 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldekoan 14:00etatik 16:00etara.
Iruñeko lantegian egiten ari diren Polo GP auto berria merkaturatzeko zuzendaritzak jende berria kontratatzeko erabakia «onartezina» dela diote sindikatuek. Produkzio jaitsiera dela medio langileek ez dute urtean dagokien lanaldia betetzen, eta, ondorioz, ez dutela soldataren %100 jasotzen.
Langile gehiago kontratatu aurretik produkzio beharrak egungo plantilari egokitzeko eskatu dute sindikatuek. Enpresan dauden langileek lanaldi osoa beteko balute, eszedentzian daudenak eta lanera itzultzea aldarrikatu dutenak hartzeko eskatu dute sindikatuek.
AUTOGINTZA
Kanpo kontratazioen aurka greba egitera deitu dute Volkswagenen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu