Oraintsu arte, Europako Batasunaren asmoa zen karbonoaren gaineko muga zergak soilik karbono isuriei dagokienez intentsibotzat jotako sei salgairi jartzea, eta helburu hori gogoan hartuta egin dituzte prestaketak; alegia, tasak hala altzairu, burdina, zementu, aluminio, ongarri, argindar eta hidrogeno inportazioei nola haiek ekoiztean sortutako CO2 isuriei ezartzeko asmoz.
Baina kezka gero eta agerikoagoa zen, Europako industria garbiagoari ere ez ote zioten kalte egingo tasek, osorik edo partez EBko merkatuetatik kanpo baina hurbil muntatutako zenbait produktu zirela medio —isuriengatik ezer ordaintzen ez duen edo tasa apalagoak dituen altzairu edo aluminio askorekin egindako produktuak—, horien bidez sistemaren zuloez baliatzeko  aukera zegoelako.
Horregatik, gaur Europako Batzordeak proposatu du produktu horien inportazioei ere karbonoaren gaineko muga zergak ezartzea, hala nola autoen osagaiei, hozkailuei, garbigailuei, kableei, nekazaritzako makinei. Guztira 180 produktu izango dira zergapean.
EBrenak izango dira karbono isuriengatik ezarritako lehen muga zergak, eta CBAM Karbono Doikuntzarako Mugetako Mekanismoa urte berria hastean sartuko da indarrean. Xedea: inportazio jakin batzuek zergapetzea karbono isuri handiak sortzen dituztelako, eta, hala, lortzea Europako Batasuneko konpainien deskarbonizazioaren ordaina ez dadin izan ekoizpen horrek Europatik kanpora ihes egitea, isuriei dagokienez eskuzabalagoak diren herrialdeetara.
Kutsatzearen prezioa
Gainera, Europako Batasunaren ustez, karbono isuriengatik ezarritako muga zergak pizgarri ere badira beste herrialdeentzat, haiek —esportazioekin jarraitu edo esportazioak bultzatu nahi izanez gero— deskarbonizazio prozesuak abia ditzaten, besteak beste, ekoizpen garbiagoak bultzatuz, horretarako, adibidez, karbono isuriei prezioa ezarrita.
Finean, berotze globala eragiten duten CO2 isuriei prezioa ezartzea da funtsa, dirutan. Kutsadura eta isuriak ez daitezen lehiarako tresna izan, eta deskarbonizazioa ez dadin desindustrializazio bihurtu. Ildo horretan, jada badira herrialdeak modu batera edo bestera karbono isuriei prezioa jartzen hasiak direnak: Brasil, Mexiko, Txile, Txina, AEBetako estatu batzuk, Kanada... EBk, salgaien inportazioari karbono zerga ezartzeko orduan, kontuan izango du neurri horiek betetzen diren ala ez.Â

2023ko apirilean onartu zen karbonoaren gaineko muga zerga sortzea, Itun Berdearen aparretan. Eta orduz geroztik, hura ezartzeko prestaketak ez dira geratu. Jada ezarrita dago, adibidez, nola zehaztuko den inportazioen karbono aztarna zenbatekoa den: besteak beste, ekoizpen tokietan ikuskaritzak eginez.
Hala ere, industria deskarbonizazioarekin oso nagi ageri zela eta, 2025eko otsailean Bruselak proposatu zuen CBAM mekanismoaren lehen asmoak soiltzea, eta, irailean, onartu zen tasarik ez ezartzea urtean 50 tona baino gutxiago —izan altzairua, izan aluminioa, izan ongarria edo izan zementua— Europaratzen zituzten inportatzaileei, nahiz eta datuak eman behar dituzten derrigorrez. Horri esker, 182.000 konpainia libratuko dira zerga ordaintzetik (inportatzaileen %90), eta hala ere, inportazioen %99 zergapetuko dira, azken bi urteetan egindako jarraipenean bildutako datuen arabera.Â
Laguntza esportazioei
Gaur Bruselak funts bat sortzea ere proposatu du, hori ere EBko industria lasaitu nahian. Muga zergarekin bildutako diruaren laurdena behin-behineko funts baterako izango da. Funts horrekin ordainduko dira isuri eskubide batzuk, eta haiek doan emango zaizkie industria batzuei. Helburua da enpresak nolabait konpentsatzea esportazioengatik; izan ere, baliteke muga zergen ondorioz ekoizpen kostuak handitzea, eta, beraz, esportatzeko orduan zergapetutako produktuek lehiakortasuna galtzea, eta berriz ere karbono ihesa —desindustrializazio arriskua— eragitea.Â
Dena den, zalantzak egon badaude, funts horrek ez ote dituen Munduko Merkataritza Erakundearen arauak urratzen. Edonola ere, Europako Batasunetik kanpoko hainbat herrialdek ez dituzte begi onez ikusten karbonoaren gaineko muga zergak: Txina, India, Hegoafrika... Protekzionismo berdea, inperialismo berdea, kolonialismo berdea eta gisa horretako izendapenak erabili izan dira, salatzeko CBAM tresnak bereziki kalte egingo diela garapen bidean dauden herrialdeen esportazioei.Â

Isuri eskubideen ifrentzua
Europako Batasunak 2005. urtean sortu zuen karbonoa isurtzeko eskubideen merkatua, eta batez ere industriari eta argindar sorkuntzari eragin. Hori bai, orain arte, Batasuneko sektore eta enpresa kutsatzaileenek —batez ere energian intentsiboak direnek— doan jaso dituzte atmosferara karbono kantitate jakin bat isurtzeko eskubideetako asko, lehiakortasunik gal ez zezaten.Â
Karbono merkatuaren helburua isuriak gutxitzea zenez, isur zitekeen karbono kantitate osoa murriztuz joan da pixkanaka. Horrela, eskubideak, mugatu ahala, garestituz joan dira, eta konpainiek deskarbonizaziorako pizgarri bat izan dute.Â
Eta hala, merkatuari eta iturri berriztagarrien zabalkundeari esker, argindar sorkuntzaren eta industriaren isuriak erdira apaldu dira EBn 2005etik 2024ra. Gaur egun CO2 tona baten baliokidea isurtzeko eskubidea 80-85 euroren inguruan dabil EBko karbono merkatuan.Â
Gauza da asmoa dela 2026. urtetik aurrera doako eskubideak gutxinaka desagerraraztea, eta, beraz, enpresen lehiakortasuna babesteko asmoz, karbonoaren gaineko muga zerga sortu dute.Â
Karbonoaren gaineko muga zergak karbono eskubideen ifrentzua dira, eta horren erakusgarri da muga zergaren zenbatekoa eskubidearen prezioaren arabera merkatzea. Hasieran, eskubideen hiruhilekoko batez besteko prezioaren portzentaje txiki bat izango da muga zergaren tasa, eta helburua da zortzi urteren buruan tasa eskubideen asteko prezioaren %100era iristea.