Aldatu ala hil. 2050. urtean karbonoan neutroa izatea dauka goiburu Europako Itun Berdeak, eta Batasunak bere buruari ezarritako helburu horretarantz joan behar dute herrialde, ekonomia eta sektore guztiek. Petrolio findegiek izan dezakete etorkizunik karbono isuri txikiko etorkizun horretan? Galdera horri erantzutera datoz gaur Repsolek aurkeztutako bi egitasmoak, trantsizio horretan urratsak egiten ari direla erakutsiz.
Bi lantegi eraikiko ditu Petronorrek Bilboko portuan. Batetik, teknologia berrien probaleku izango den fabrika, non karbonoan neutroak izango diren erregai sintetikoak ekoitziko dituzten. Horretarako, bi lehengai izango dituzte: iturri berriztagarrietako argindarrarekin uretatik elektrolisi bidez lortutako hidrogenoa, eta Muskizko findegian sortzen den karbono dioxidoa.
60 milioi euroko inbertsioa eskatuko du lantegi horrek, eta lau urteren buruan lanean ariko da, egunean 50 upel erregai likido sintetiko ekoitziz. Beste ekoizpen bat ere aterako da lantegi horretatik, enafta direlakoak —karbonogabetutako naftak— kimika industrian eta lubrifikatzaile gisa erabiliko direnak.
Teknologia hori garatzeko Repsolek Saudi Aramcorekin akordioa daukala azaldu du Josu Jon Imazek, Repsoleko kontseilari ordezkariak. Lantegiaren garapenean, berriz, Repsolek Petronor bera eta Energiaren Euskal Erakundeak izango ditu bazkide.
Lantegi horren ondoan, beste lantegi bat ere eraikiko dute Bilboko portuan. 20 milioi euroko inbertsiorekin, pirolisi instalazio bat egingo dute, hiri hondakinetatik gasa ateratzeko, zeina gero erabiliko den Muskizko findegian, gaur egun erabiltzen diren erregaien zati bat ordezkatzeko.
Hiri hondakinak nondik etorriko diren galdetuta, hori negoziatzen ari direla azaldu du Imazek, baina zehaztu du kartoi, paper, plastiko eta oihalak izango direla, eta aurrez prozesatuta iritsiko dira pirolisi lantegira, gai inerte gisa.