Denontzako sindikatua, etorkizuna gurea da lemapean ospatuko du Euskadiko CCOO sindikatuak bederatzigarren kongresua, eta kongresu horretan aukeratu beharko dute idazkari nagusi berria. Izan ere, Josu Onaindik kargurako berriz aurkezteko asmorik ez duela baieztatu zuen atzo, kongresurako lerro nagusien berri emateko eginiko agerraldian. Esan zuenez, hautagai bakarra adostea espero dute, «lehenengo aldiz», aurrekoetan eztabaida handiak izan baitituzte hautagaitza desberdinen inguruan.
Aurretik ere iragarri du Onaindik 2009an jarraitzeko asmorik ez zuela, «garai bat bete» egin duelako eta jende gazteagoari sarbidea eman nahi diolako. Horixe bera egin dute ELA eta LAB sindikatuetan ere. UGTko egungo idazkari nagusia, Damaso Casado, izango da karguan jarraituko duen bakarra lau sindikatu nagusietatik.
Bilbon egingo dute kongresua CCOOk, datorren urteko urtarrilaren 8an eta 9an eta, bertan, 478 ordezkarik parte hartuko dute. Txosten nagusiek ekintza sindikala eta antolaketa izango dute hizpide.
Hurrengo idazkari nagusiaren lana «jagoteko asmorik ez» duela azaldu zuen Onaindik baina, hala ere, sindikatuaren urteotako joerari eutsiko diotela uste duela aitortu zuen.
Kongresurako prestatzen
Urterrileko kongresuaren aurretik, sindikatuaren barneko federazioek asanbladak egin beharko dituzte, besteak beste, kongresura bidaliko dituzten ordezkariak aukeratzeko. Idazkari nagusi kargurako izenak ere azaltzen hasiko dira asanbladetan. Orain arte, Bizkaiko CCOOko arduradun Unai Sordoren izena besterik ez da entzun, sindikatuak proposamen gehiago daudela esan duen arren.
56.000 afiliatu ditu CCOOk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bigarren sindikatua da, ELAren atzetik. Azken lau urteetan %10 igo da bere afiliatu kopurua, eta, etorkizunari begira, EAEko lehen indarra izatea du helburu.
Kargurako berriz aurkezteko asmorik ez duela esan du Onaindik
Euskadiko CCOOk idazkari nagusi berria aukeratuko du urtarrilean, eta hautagai bakarra lortu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu