Tokiotik Bilborantz jotzen du burtsaren arretak Wall Streetera bidean eta, atzo, gureak Txilerantz ere egin zuen hein batean Asel Luzarraga gogoan. Argi izpiek gidatzen dute txerritxo ehiztarien jomuga, Karontek itzalak nola eta 2.207 milioiren salerosketarekin ekin zitzaion aurtengoari. 12.000 puntuen langatik gora egingo du Ibex-35 (+%1,72) indizeak, ispilu ganbil nagusiek (Europak eta Wall Streetek) erakutsiari jarraiki. Txinako hazkunde sendoa, batetik, eta AEBetako manufaktura datu baikorrak, bestetik, lagungarri izan ziren. %5na igo ziren Abengoa eta Arcelorrez gain, %1,8na pasa irabazi zuten bi banku handienek, eta %1,54 Edurnezurik. Zientzia fikziotik asko duen akzio azokan, %4na pasa igo ziren Bankinter nahiz Tecnicas Reunidas, %3na pasa Ferrovial eta Gamesa. Atzo tropelean lehen eguna zuen Ebro Puleva (-%0,96) beldurrak bahitu zuen. Baikorkeria itxura du urtearen hasiera sendoak, Bernanke interes tasak igotzeaz hasi den honetan.
Autogintza. Aegon, Alstom eta ING izan ziren Eurostoxx-50 (+%1,74) indizean %5 pasako irabaziak izan zituztenak. Indizean, Telecom Italia (-%0,18) ez beste telekomunikazio enpresek ere igoera politak izan zituzten. Nokia %3,92 igo zen, eta Deutsche Telecom, %3,01. Galeretan Nafarroako industriaren ardatz den Volkswagen (-%4,22) autogilea izan zen protagonista nagusi. Espainiako auto salmentak, gobernuen laguntza eta guzti, %19 gutxitu dira; baina, Frantziakoak aldiz, %5 handitu dira, eta Brasil moduko merkatuak ere indartsu ageri dira.
Karonte gogoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu