Kazkabar latza

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zenbait txokotan kazkabar latza bota zuen eta berau ez zen Bilbora iritsi. Bai ordea, burtsara. Txerritxo ehiztariek orain artekoari eguraldi onegia iritzita edo, salmentetara jo zuten. %0,97 galdu zuen Ibex-35 indizeak, Wall Streeteko giro nahasiari jarraiki eta 2.378 milioiren salerosketarekin. Zortzi egunez jarraian eguzkia ikusi ostean, kazkabarra egokitu zen atzo. Blue chip guztiek jo zuten gorria: %2 pasa galdu zuen Repsol-YPFk, %1,57 BBVAk eta %1era iritsi ez ziren galerak izan zituzten bi erraldoiek, Santander eta Edurnezurik. Arcelor (-%4,04) izan zen atzo gehien busti zena eta aterpean egokitu zirenak gutxi izan ziren; lehorrenak Telecinco (+%3,28) eta OHL (+%2,85). Azken aldiko burtsaren bilakaera ekonomiarena baino hobea izan da eta, aldiz, bistan da errekuperazio ez dela berehalakoa izango. Euroa 1,26 dolarretara eta petrolioa 57 dolar ingurura indartu izanak AEBez dauden zalantzen iragarpena dira.



Santander (-%0,54) bankuak bi berri nagusi eskaini zituen atzo. Batetik, jakinarazi zuen akziodunek aukeratu ahal izango dutela hurrengo dibidendua dirutan edo akziotan jaso. Akziodunek aurrezki fiskala izango lukete eta Santanderrek kapitala handituko luke. Bestetik, Espainiako inongo erakundek azken urtean egin ez duena egin zuen atzo: 1.500 milioiren zorra jaulki zuen bere hipoteka onenen bermearekin (Espainian cedulas deritzon zorra, Alemaniako Pfandbrief-en parekoa). Bost urtera %1,2ko gainsaria ordainduko du. Ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.