Zertan dira kaleko kioskoak? Desagertzen ari al dira? Galdera hori ohikoa bihurtu da establezimendu horietan, eta maiz aritzen dira horri buruz hizketan saltzailea eta bezeroa. «Lehengoan, Bartzelonako bisitari batzuk kioskoari argazkiak egiten aritu ziren, hango hirietan ez dagoelako halakorik, desagertzen ari direlako», esan du Iciar Escudero Donostiako Bulebarreko kioskoko langileak. Orduantxe pertsona bat gerturatu zaio, egunkaria erostera. «Palman ere ez dago kioskorik, kendu egin dituzte», erantzun dio. Kaleko elkarrizketa natural eta informal horretan badago kontraesan txiki bat: kioskoak ez dira desagertu, ez Bartzelonan eta ez Palman. Asko daude, baina ez dute kioskoak ematen, haien negozio nagusia beste bat delako, eta ez, hain zuzen ere, egunkariak eta aldizkariak saltzea.
Fenomeno hori aztertzen ari dira hainbat udaletan; Bilbokoan, esaterako. Asier Abaunza Espazio Publikoaren zinegotziaren esanetan, udalak ez du nahi kioskoek joera hori hartzerik; nahi du halakoen jarduera nagusia egunkariak saltzea izan dadila aurrerantzean ere. Donostiako Udalak erantzun berbera eman die kioskoei janaria, tabakoa eta oroigarriak saldu ahal izateko eskaera egin izan dutenean.
«Gaur egun prentsatik bizi ahal izateko, asko saldu behar da, eta jartzen dizkiguten baldintzak asko saltzen zen garaiko berberak dira»
ICIAR ESCUDERO Donostiako kiosko bateko langilea
Hala ere, jabeak saiatu izan dira prentsaren salmenta nola edo hala osatzen; txikleak, kromoak... «Aldizkariak gehiago saltzen dira daramaten jostailuagatik, aldizkariarengatik beragatik baino», esan du Escuderok erdi txantxetan. Eguna garraio publikoko Mugi txartelak kargatzen ematen dutela gaineratu du, baina txartelen irabazi marjina %1ekoa bakarrik da; ez da oso errentagarria. Ezta egunkariak eta aldizkariak saltzea ere, nahiz eta horren irabazi marjina %22 ingurukoa izan.
Lizentzien auzia
Bilboko kioskoen Exprensa elkartearengatik hasi da berriki hango udala sektoreari buruz mintzatzen: uztailean, elkarteak udalari eskatu zion lizentziak eskualdatzeko arauak malgutu zitzala. Izan ere, behin kioskoaren jabea jubilatzen denean, debekatuta dago lizentzia hori jabearen senidea ez den norbaiti ematea; horren ondorioz, kioskoa jaberik gabe geratzen da askotan, eta, halabeharrez, itxi egiten dute. «Horixe bera gertatzen ari da Donostian; hala gertatu zen Askatasunaren hiribidean itxi zuten kioskokoan», aipatu du Escuderok.
Alabaina, Bilboko Udalak uko egin dio proposamen horri ere, eskualdatu nahi dituzten lizentziak kontzesio administratiboak baitira berez, eta horiek ezin baitira eskualdatu indarrean ez badaude. «Gaur egun, kioskoen kontzesioak amaituta daude, eta jabeek udalaren luzapenei esker erabiltzen dituzte; beraz, ez dago eskualdatu daitekeen titulurik», azaldu du Abaunzak. Hala ere, ziurtatu du kioskoak bizirik iraunaraztea dutela jomuga, eta lizitazio berriei bide emango dietela horretarako, bai eta sektorearekin hizketan jarraitu ere.
«Kioskoen kontzesioak amaituta daude, eta jabeek udalaren luzapenei esker erabiltzen dituzte; beraz, ez dago eskualdatu daitekeen titulurik»
ASIER ABAUNZA Bilboko Espazio Publikoaren zinegotzia
Bitartean, kioskoen jabeek zain egon beharko dute, eta halaxe daude Donostian ere, apirilaz geroztik. Orduan iragarri zuen udalak inbentario bat egiteko asmoa zuela kioskoei bultzada bat emateko: erabiltzen ez diren kioskoak identifikatu, lizitatu eta jaberik gabe geratzen zirenak ixteko. Dena den, Escuderok dio ez dutela ezer egin, eta beste kiosko batzuetan galdetuta, erantzun berbera ematen dute, Easo plazakoan, esaterako.
Bitartean, kioskoak ixten ari dira. Bilbon hamahiru baino ez dira geratzen; Donostian bederatzi zeuden, baina azken bost urteetan hiru itxi dituzte, Escuderok zehaztu duenez. Utzitako negozioak berriro abiaraztea ere ez da samurra izaten: «Udalak, banatzaileek eta editorialek jartzen dituzten baldintzak betetzea ezinezkoa da gaur egun».

Azaldu du banatzaileek diru asko eskatzen dutela, eta udalari ere kuota bat ordaindu behar diotela eremu publikoan egoteko lizentziaren truke. «Gaur egun prentsatik bizi ahal izateko, asko saldu behar da, eta jartzen dizkiguten baldintzak asko saltzen zen garaiko berberak dira».
Bi kioskoetako langileak ados daude: prentsa idatziari hamar eta hogei urte artean geratzen zaizkio. Kioskoen desagertzea negozio baten desagertzea baino askoz ere gehiago dela nabarmendu dute. «Jende askorentzat, eta bereziki zaharrenentzat, erreferentzia puntu bat da kioskoa, bai eta errutinaren parte ere», laburbildu du Escuderok.
PAPER DENDAK EZ DAUDE KRISIAN
Mari Carmen Belokik, Donostiako Amara Berri auzoko B&S paper dendako saltzaileak, argi dauka: Internet dela-eta lehen baino egunkari eta aldizkari gutxiago saltzen dituzte nabarmen, eta horregatik itxi dituzte paper denda ugari. Hala ere, haien negozioa beste gauza askotan oinarritzen da: liburuak eta eskolarako materiala saltzeaz gain, loteriarekin ibiltzen dira, eta Mugi txartelak kargatzen ere bai. Gainera, papera arlo berrietara ere zabaltzen ari da. Esate baterako, ohikoa da dendara sartu eta mila koloretako kartulina eta paper bereziak aurkitzea. Belokik paperaren erabilera hori azpimarratu du: «Haurrek eskulanak egin behar dituzte, sormena garatu». Badago beste negozio bat: paketeena.
Papertegi horretan, ez dute fotokopiarik egiten, eta koadernaketekin ere ez dira ibiltzen, baina hor ere etorkizun oparoa du paperak. Donostian, esaterako, Urbieta kaleko Copia Colorren lanez gainezka ibiltzen dira asteko edozein egunetan, eta Amarako Copygross dendan eta Antiguako Copisterian ere bai. Bizirik dago oraindik ordenagailuko apunte eta dokumentuak paperean edukitzeko beharra, eta paperean dagoena eskaneatu eta formatu digitalera pasatzeko zerbitzua indarra hartzen ari da.