Knorr-Brense enpresak Iruñeko bere lantegia zabaltzeko duen proiektua foru interesekoa izendatu zuen Nafarroako Gobernuak maiataren 26ean, eta babes horretan exekutiboak beste urrats bat egin du Mikel Irujo Ekonomiako Garapeneko kontseilariak fabrikara egindako bisitarekin. Nafarroan 50 milioi euroko inbertsioa egin eta 142 enplegu berri sortuko lituzkeen proiektua egia bihurtzea nahi du gobernuak, eta, bidez batez, gaur egun Iruñeko lantegian diharduten 213 beharginen lanpostuak egonkortzea.
«Enpresak hazkunde handia izan du azken hamarkadan, baita azken urtean bizi duen egoera zailarekin ere. Enpresaren aurreikuspenen arabera, hazkunde horrek jarraitu egingo du», esan du Irujok Knorr-Brensenen. Enpresa egitekoa den inbertsioa ez da lantegia handitzeko besterik gabe, Irujok berak azaldu zuenez. «Ikerketaren eta garapenaren inguruko ezagutza guztia Nafarroan kokatzea ahalbidetuko luke inbertsioak. Horrek Nafarroa osorako eragin traktorea izango lukeela sinetsita nago», erantsi du.
Manchester eta Chicago
Alemaniako multinazionala merkatuko liderretako bat da trengintzaren galga sistemen azpisektorean. Hiru fabrika nagusi ditu ekoizpenari dagokionez: Manchesterren (Erresuma Batua), Chicagon (AEB) eta Iruñean. Nafarroan, galga organikoen eta marruskadurarako osagai sinterizatuen disenua eta ekoizpena egiten du. Bere produktuak Renferen, Euskotrenen eta Feven trenbideetan ezarri dituzte, esaterako. Bilbo, Madril eta Sevillako metroetan ere erabiltzen dituzte Iruñean ekoitzitako piezak. Dena den, Nafarroako fabrikaren ekoizpenaren gehiengoa nazioartean saltzen du enpresak.