Basogintza

Kobre oxidoarekin tratatuko dituzte onddoak jotako pinuak

Lasai egoteko eskatu diete baso-jabeei Jaurlaritzak eta diputazioek

jarraia157936.jpg
Iker Aranburu.
2018ko urriaren 11
18:28
Entzun

Euskal Herriko intsinis pinuei kalte egiten dien xingola marroiaren gaixotasunaren aurkako plan bateratu bat aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Neurririk garrantzitsuena da pinuak kobre oxidoarekin tratatuko dituztela. 2019ko udaberrian emango diete tratamendua, Elena Unzueta Bizkaiko Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak azaldu duenez. Erakundeek espero dute udazkenean eta neguan gaixotasunaren eragina txikitzea, hotzak onddoa ahultzen baitu.

"Abagune garrantzitsua iritsi da. Gaixotasunaren azterketa egin ondoren, nahiko argi daukagu zer egin nahi dugun. Instituzio guztiak batera sektore ekonomiko garrantzitsu honi laguntzeko", adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, gaur, Donostian. Alboan izan ditu Unzueta bizkaitarra, Eduardo Aginako Arabako Nekazaritza diputatua eta Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Landa Inguruneko diputatua.

"Basogintza gure mendietatik desagertzea saihestu nahi dugu, Suteak sortuko lirateke, eta biodibertsitatearentzat kaltegarria izango litzateke", gehitu du Aizpuruk. Basogintzaren garrantzi estrategikoa aldarrikatu du, 21.000 enplegu hari lotuta egoteaz gain, basoek hiru lurraldeetako eremuaren %50etik gora betetzen dutelako. XIX. mendean Kaliforniatik ekarritako intsinis pinuak betetzen du baso horien zati handi bat (%31), eta haietako herenak daude zuhaitzak gaixotzen eta ahultzen dituen banda marroiaren onddoak jota. Ipar Euskal Herrian, praktikoki ez dago intsinis pinurik, eta, Nafarroan, ipar mendebaldeko haranetan dago nagusiki, baina ez dute Bizkaian, Gipuzkoan edo Araba iparraldean duten eremua (baso eremuaren %3 inguru dira Nafarroan).

Zuhaitz gaixoak pestizidekin tratatzeaz gain, onddoei erresistenteak diren koniferak bilatuko dituzte erakundeek, Neikerren eta Frantziako Indraren laguntzarekin. Gainera, aholkularitza zerbitzu bat eskainiko diete aldundiek hiru lurraldeetako baso-jabeei, jakin dezaten zuhaitzak moztea ez den zein alternatiba dagoen.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.