Amerikarra da sortzez, Kaliforniakoa, baina duela 23 urte iritsi zen Euskal Herrira, eta euskara ikasi zuen segidan. Phillips Internet Consulting enpresaren arduraduna da, informatikan eta komunikazioan aritua. Garapen Kontseiluko lehendakari izendatu zuten otsailaren 23an, erakunde horretako idazkari eta lehendakariorde izan ondotik.
Zu zara Garapen Kontseiluko lehendakari berria. Zer aldatuko da orain?
Denbora pila bat pasatuko dut, dena estudiatzen, dena ulertzen, dena lantzen... Lana izanen da, baina lana plazerarekin. Garapen Kontseiluan izan naiz azken 11 urteetan, eta beti etortzen naiz plazer handiz. Hemen naiz Euskal Herria eraikitzen dugulako.
Garapen Kontseilua zertarako da? Zer lan egiten duzue?
Garapen Kontseilua gizarte zibileko elkarte eta administrazioek osatzen dute; elkarrekin lurraldeko proiektu bat eraikitzea dugu xede. Gure xantza da lurraldeko hautetsiekin lan egiten dugula, eta haiek %95ean gure ideiei segitzen dietela. Hautetsiak eskatzen digu gai baten inguruko lana, ikerketa bat egiten dugu, eta, iritzi bat dugularik, hautetsiei pasarazten diegu bideratzeko.
Halere, aipatzen den lurraldea, Ipar Euskal Herria, ez da entitate administratibo bat. Horrek zertan zailtzen du zuen lana?
Adibidez, Hegoaldearekin ditugun harremanetan, guk, Iparralde mailan, ezin dugu kontratatu zuzenean Hegoaldeko elkarte edo administrazioarekin; ez dugu ahalik, administrazio arloan, kontratuak izenpetzeko. Horregatik eskatzen dugu instituzio bat Iparraldean.
Zein lan eraman duzue, hain zuzen, mugaz gaindi?
Duela urte bat lan bat egin genuen gazteriari buruz, eta lan ildoak atera ziren; horietarik bat zen Hegoaldeko administrazioarekin lan egitea. Jadanik hartu ditugu harremanak Mugaz Gaindiko Konferentziarekin, baina ezin dugu kontraturik izenpetu...
Urte hasiera honetan elkarrizketa sozialaz anitz komunikatu duzue. Zer da zuzen?
Elkarrizketa soziala bi partaiderekin sortu zen, 2008an: CGPME nagusi sindikatuarekin eta CFDT langile sindikatuarekin. Geroztik oso interesgarria izan da, zeren elkarrizketa sozialean baditugu partaide guztiak mahai inguruan, eta hori da gure berezitasuna. Instituziorik gabe moldatu gara, eta aurkitu dugu bide bat gai batean sakontzeko. Partaide guztiek aurkitu dituzte lantzeko bideak; lehena da lan munduko osagarria eta bizi kalitatea. Badira beste pista batzuk, hala nola giza baliabideak, edo nola egin gazteen ikasketak eta lan munduko beharrak elkartzeko. Baina oraingoz lan munduko osagarriaren gaiari helduko diogu. Horretarako, zazpi sindikatu badira langileen aldetik eta beste lau nagusien aldetik, eta estatuak laguntzen gaitu dena plantan ezartzeko.
Zuen helburu nagusia lurraldearen garapena da. Orain arteko esperientziarekin, hori nola egin daiteke instituziorik gabe?
Garapen Kontseiluak jadanik bere iritzia eman zuen 2012an instituzio baten alde, ahalmen bereziekin. Egun badugu leiho bat gure instituzioa egiteko, eta gure rola izanen da hautetsiak sostengatzea haien erabakietan, eta informazioa zabaltzea instituzioa lortzeko eta eraikitzeko. Gure iritzia eman behar genuke maiatzean edo ekainean lurralde xedeari buruz.
Zure irudiko, Garapen Kontseiluaren lana ezagutua da, edo zuen eragina hautetsietara mugatzen da?
Egia da Garapen Kontseiluaren komunikazioa pixka bat ezkutukoa izan dela. Justuki, biltzar nagusian proposatu nahi dut gure komunikazioa berritzea. Komunikazioan sakondu behar dugu, esplikatzeko publiko zabalari zer egiten dugun.