Konfekoop: «Kooperatibak ez dira deslokalizatzen; ogasunek kontuan izan behar dute hori»

Kooperatiben Konfederazioak esan du kooperatibek tratu fiskal hobea merezi dutela, batez ere sortu berriek. 2024. urtea ona izan zen elkartearentzat: kide diren enpresen lanpostu kopurua %2 handitu zen.

Danobat kooperatibak Elgoibarren duen plantako bi langile. GORKA RUBIO / FOKU
Danobat kooperatibak Elgoibarren duen plantako bi langile. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko maiatzaren 9a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek esana dute aurtengo zerga berrikuspenean enpresen jarduna izango dutela aztergai. Hainbat motatako enpresak haien eskaerak bideratzen ari dira, eta kooperatibak ez dira gutxiago. Haien izenean mintzatu da Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, eta tratu hobea eskatu du, batez ere txikientzat, eta nabarmendu du gero eta txikiagoa dela merkataritzako enpresek jasotzen duten tratuaren eta kooperatiboek jasotzen dutenaren arteko aldea.

«Ziurgabetasuna nagusi den eta enpresak ixten ari diren honetan, aldarrikatu behar dugu kooperatibak errotze eredu direla: kooperatibak ez dira deslokalizatzen, ez dira inora joaten. Ogasunek kontuan izan beharko lukete hori», aldarrikatu du Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak. Iazko balantzea eta hurrengo hiru urterako plana azaltzeko emaniko prentsaurrekoan egin du defentsa publiko hori.

«Lanean jarraituko dugu gure berezitasunak jasoko dituen fiskalitate baten alde, batez ere kooperatiba berriak sortzea sustatuko duten arauen alde»ROSA LAVINKonfekoopeko presidentea

Azaldu du iaz ogasunekin bildu zirenean hogei eskaera zehatz egin zizkietela, eta bi bakarrik bete zituztela: etxebizitza kooperatiben inguruko bat eta kooperatiben mezenasgoa sustatzeko beste bat. Aurten beste hemezortziak jarriko dituzte berriz mahaian: «Lanean jarraituko dugu gure berezitasunak jasoko dituen fiskalitate baten alde, batez ere kooperatiba berriak sortzea sustatuko duten arauen alde».

Halaber, zehaztu du kooperatibak nagusi diren eskualdeetan gizarte indize gehienek emaitza hobeak lortzen dituztela: «Desorekak txikiagoak izaten dira: enplegu hobea dago, eta arrakala txikiagoa da».

Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea eta Iñaki Nubla konfederazioko zuzendaria, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea eta Iñaki Nubla konfederazioko zuzendaria, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.

Eskaerei dagokionez gehiago zehaztuta, Lavinek azaldu du zerga tasa antzekoa dutela kooperatiba berriek eta merkataritzako enpresa sortu berriek. Egun, merkataritzako enpresek %20ko tasa dute, eta kooperatibek, %18koa. Aurrenekoan tasa, baina, hamar puntu murriztu da azken hamarkadetan, eta bigarrenena, berriz, %2. «Aldea oso txikia da, eta guk ditugun betebehar eta eskakizun guztiak kontuan izanda, aholkularitzek hainbatetan ez dute gure eredua aholkatzen».

Industria mahaia

Konfekoopek iaz bere eskakizun historikoetako bat bete zuen, eta azkenean tokia lortu zuen Lanbideko administrazio kontseiluan. Orain, aldiz, izaera propioa izan nahi du Jaurlaritzak osaturiko industriaren defentsarako mahaian. «Barne lana egiten ari gara zer proposatu dezakegun zehazteko. Kokapen estrategikoa dugu industrian, eta biozientziak eta mugikortasuneko enpresak erakarri nahi ditugu».

Orona, Irizar, Ulma, Fagor... industriako izen handi asko kooperatibak dira, eta Konfekoopen datuek hori berresten dute: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industria ehunaren %11 kooperatibak dira, eta Konfekoopeko enpresen %40 industria sektorekoak.

5.200 lanpostu berri azken lau urteetan

Konfekoopeko kide diren enpresek 62.395 lanpostu zituzten iazko abenduaren amaieran, 2023ko amaieran baino 1.136 gehiago (%2). Lau urteko bilakaerari erreparatuz gero, %9 ugaritu dira, 2021aren amaieran 57.152 baitziren. Enpresa kopuruari dagokionez, 1.391 dira egun, 2023an baino hiru gehiago eta 2021ean baino 41 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.