Etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren mahaian dago azkenean. LABek erabaki du auzitegi horretara jotzea; izan ere, beste instantzia batek, Espainiako Auzitegi Gorenak, arazo formalak argudiatuta, ez du biderik eman etxeko langileek beren lan hitzarmen propioa izan dezaten.
2022ko maiatzean abiatu zuen LABek prozedura Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxeko langileen sektorean negoziazio mahaia eratzeko. Sektorearen ezaugarriak berezi samarrak dira, sindikatuko Idazkaritza Juridikoko arduradun Ainhize Muniozgurenek azaldu duenez: enplegatzaileak partikularrak direnez, ez dago patronal formalik. Horregatik, gainerako sindikatuekin batera, Confebask deitu zuten mahai horretara, EAEko patronal nagusia izaki. Baina Confebaskek uko egin zion mahai horretan parte hartzeari, eta LABek auzitara jo zuen.
EAEko Auzitegi Nagusiak aitortu zuen etxeko langileek bazutela negoziazio kolektiborako eskubidea, baina hori oraingoz legez garaturik ez dagoenez, ez zuen Confebasken erabakiaren kontrako neurririk hartu. Gorenera jo zuen LABek, eta maiatzaren 7an iritsi zen haren ebazpena: «formalismo» bati eutsi dio sakonean dagoen auziari buruz ez ebazteko, eta adierazi du sindikatuek ez dutela behar bezala egiaztatu negoziazio mahaia eskatzeko zilegitasuna; hortaz, ez du eskaera aintzat hartu.
LAB ez dago ados interpretazio horrekin: «Sindikatu nagusiak daude mahaian, eta beren-beregi azaldu dute atxikimendua; beraz, prozesuaren zilegitasuna guztiz egiaztatuta dago». Susmoa dute benetako arrazoia beste bat ote den: gaiaren «konplexutasun juridikoa» ikusita, Gorenak nahiago izan duela sakoneko eztabaida saihestea, arazo tekniko bat aitzakiatzat hartuta. «Prozesu osoan gai hori ez da inoiz atera, eta inork ez du zalantzan jarri sindikatuen zilegitasuna, ez patronalak, ezta administrazioak ere», esan du Muniozgurenek. Orain arte aldeek erabili ez duten argudio bati heltzea «koherentzia falta» begitantzen zaio LABi, eta horregatik erabaki du Konstituzionalera jotzea.
Esplotazioa
Etxeko langileek pairatzen duten «esplotazio egoera» salatu du LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk: «Kapitalismoak berezkoa du arrazakeria, matxismoa eta kolonialismoa, eta ezaugarri horiek gurutzatzen dira etxeko langileen egoeran». Esan duenez, Lan Ikuskaritzak ez du bere lana egiten, etxe pribatuetan jarduterik ez duela argudiatuta, eta, ondorioz, langile horiek behar baino lanordu gehiago egiten dituzte. Langile egoiliarrei dagokienez, haien egoerak «esklabotzaren ezaugarriak» ditu, eta «mota askotako abusuak eta indarkeria» pairatzen dituzte.
«Euskal Herrira lan egin eta bizitzera datozen langileek baldintza duinak izan behar dituzte»
GARBIÑE ARANBURULABeko koordinatzaile nagusia
Etxeko langile aritzen diren behargin gehienak emakume migratu eta arrazializatuak dira: «Atzerritarren Legearen ondorioz, emakume horiek bide luze eta zaila dute haien egoera erregularizatu ahal izateko, eta, askotan, edozein lan onartzera behartuta ikusten dute beren burua». Goraka datorren «olatu faxista eta erreakzionarioari» buru egiteko modurik onena langile horien eskubideak bermatzea dela uste du Aranburuk: «Euskal Herrira lan egin eta bizitzera datozen langileek baldintza duinak izan behar dituzte».
LABeko Etxeko Langileen Sail Sindikaleko arduradun Mariana Urcuyok azaldu duenez, sindikatuak dekalogo bat osatu du, eta etxeko langileen eskubideak bermatzeko hamar neurri jaso ditu. Dekalogo hori aurkeztu zioten Yolanda Diaz Espainiako Lan ministro eta presidenteordeari, maiatzean harekin izandako bileran, eta irailetik aurrera gainerako sindikatuei eta mugimendu feministari ere aurkeztuko diote. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere bilerak egiteko eskaera egingo diete, dekalogoan bildu dituzten neurriak gauzatzeko.
ETXEko langileen eskubideen dekalogoa
Negoziazio kolektiborako eskubidea gauzatzea.
Lanaldiaren erregistroa derrigorrezkoa izatea.
Barneko erregimenaren abolizioa.
Presentzia orduen eta gaua bertan emateko orduen kontrola eta aitortza.
Kontratu amaierako kalte ordainak gainerako sektoreetakoekin parekatzea.
Lan ikuskaritza eraginkorra eta aurreiritzirik gabea.
Lan osasunaren prebentzio legea aplikatzea.
2022 aurreko kotizazioaren aitortza.
Zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean urratsak egitea.
Emakume migratu eta arrazializatuen eskubide guztiak bermatzea.