Ezohiko irudia gaur Bilbon: Hego Euskal Herriko bi sindikatu nagusiak, ELA eta LAB, Espainiako Gobernuko ministro batekin bildu dira, Yolanda Diaz Lan ministro eta presidenteordearekin. Sindikatu bakoitza zein bere aldetik egon da Diazekin, baina antzeko mezuak igorri dizkiote. Lan araudia Euskal Herrian erabaki nahi dutela adierazi diote, eta horren alde mobilizatuko direla.
Diazek esku artean duen neurri nagusia azaldu die haiei —asteko gehienezko lanaldia 40 ordutik 37,5 ordura murrizteko lege egitasmoa—, eta eskatu die lege egitasmo horren alde presioa egin dezatela. Bestalde, ELAk azaldu duenez, Lan ministroak ez dio atea itxi gutxieneko soldata EAEn eta Nafarroan erabakitzeko aukerari, eta, hori lortzeko, Langileen Estatuturen 27. artikulua moldatzeko borondatea agertu du, sindikatuek eskatu bezala.
ELAk eta LABek Diazi gogoratu diote Espainiako gutxieneko soldatak «bigarren mailako eragina» duela Hego Euskal Herrian, langile gutxi batzuei baino ez diela eragiten. Gauza bera Lan ministroa bultzatzen ari den gehienezko lanaldiaren murrizketarekin. Halako neurriek izaera «oso zentralista» eta «homogeneizatzailea» dutela salatu du ELAk, eta hango indar harremanen eta patronalaren oso menpekoak direla. Hala, Hego Euskal Herriko langileek «behin eta berriz» adierazitako «borondate berezitua» entzuteko eskatu dio, eta nabarmendu du Espainiako langileentzat ere «erreferentzia positibo bat» izan daitezkeela «Hego Euskal Herriko indar harremanen arabera lortutako bizi baldintzak».

Antzera mintzatu da Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia. Gai horietaz gain, «kezka» adierazi dio Lan ministroari, «kapitalaren eta langileen arteko arrakalak handitzen ari direlako, izan generoagatik, adinagatik edo jatorriagatik». Etxeko langileen egoeran «arreta berezia» jar dezala eskatu dio, eta etxeko langileek negoziazio kolektiborako duten eskubidea gauzatzea posible egingo duen lege moldaketa bultzatzeko.
Diazek ez du gai jakinik aipatu kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, baina bi sindikatuen eskaerak «interes handiz» entzun dituela adierazi du, eta haiei bide ematen saiatuko dela.
Lan gogorrak
Bileraren aurretik, ELAk kritikatu egin du Espainiako Gobernuak hango sindikatu nagusiekin eta patronalarekin bultzatutako beste lege egitasmo bat: lanbide gogor eta arriskutsuetan erretiro aurreratua hartzeko aukera zabaltzen duen dekretua. Neurri hori ez du Yolanda Diazen ministerioak sustatu, Elma Saiz (PSOE) buru duen Gizarte Segurantzakoak baizik, baina Diaz parte den Elkarrizketa Sozialeko Mahaian adostu du gobernuak.
Foro horretan azken urteetan hartu dituzten neurriak salatu ditu ELAk: «Urteak daramatzate murrizketei estaldura ematen». Eta halakoak «iraultzeko» eskatu du. Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, «egiten ari diren propaganda gorabehera», eragin «oso mugatua» izango du erretiro aurreratua beste lanbide batzuetara zabaltzeko dekretuak. Nabarmendu duenez, ez da zehazten zer lanbideri eragingo dien, eta, aitortzen den kasuetan, langileak lan horretan gutxienez hamabost urte aritu dela erakutsi beharko du. Horrekin batera, prozedura «burokratikoegia eta geldoegia» izango dela azaldu du.