Kontratu publikoen legea aurkeztu du Bruselak, Europak bere enpresei lehentasuna eman ahal izateko

Tokiko erakundeei haien lehiaketetan prezioaz besteko irizpideak ezartzea ahalbidetuko die, kalitateari pisua emanda. Brusela Txinako enpresen lehia gero eta handiagoari aurre egiteko bideak ezartzen ari da.

Stephan Sejourne eta Ekaterina Zaharieva komisarioak gaur Bruselan. OLIIVER HOSLET / EFE
Stephan Sejourne eta Ekaterina Zaharieva komisarioak gaur Bruselan. OLIIVER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2026ko irailaren 9a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prezioa ez dadila irizpide bakarra izan erosketa eta kontratu publikoetarako. Hori da gaur Europako Batzordeak kontratu publikoei buruz aurkeztutako proposamenaren gako nagusia, helburu argia duena: inbertsio publikoetan Europako enpresei lehentasuna ematea, eta zeharka, Txinako enpresen eskaintza merkeen lehiari aurre egitea.

Legeak erakunde publikoek kalitate irizpideak kontua hartzea proposatzen du, haiek aintzat har ditzaten esleipenak egiteko orduan. Ingurumen, gizarte, berrikuntza, segurtasun eta erresilientzia ere kontuan hartzeko aukera ematen die, baina baita europar lehentasuna ere.

Arauak, nolabait, erraztu egiten die tokiko erakunde publikoei prezioaren irizpidea gainditzea, eta horrela ez egotea horren derrigortuta Txinako edo AEBetako konpainien eskaintzak onartzera.

Legeak finkatu egiten du kalitate irizpideek zer pisu izan behar duten pisua kontratuen esleipenean; zehazki, %30 izatea proposatu du Bruselak (%50, lan eskuan intentsiboak diren alorretan). Kontratu publikoak baldintza hori ez badu betetzen, beste modu batera ziurtatu beharko dituzte gutxieneko kalitaterako bermeak.

Europar lehentasuna

Zenbateraino egiten diote irizpide horiek mesede Europako enpresei, Txinako konpainiak kalitate handia eskaintzeko gai badira? Sejournek azaldu du, batetik, eskaintza batzuk zuzenean lehiaketetatik kanpoan utzi daitezkeela, baldin eta EBko enpresek ez badute maila bereko sarbiderik haien herrialdeetako kontratu publikoen merkatuan. 

%15

Kontratu publikoek EBn hartzen duten zenbatekoa, BPGarekiko. Urtero dirutza doa EBn erakunde publikoek egiten dituzten erosketetara eta kontratazioetara, barne produktu gordinaren %15 inguru, hots, 2,5 bilioi bat euro. 

Eta, bestetik, Sejourneren iritziz, gauza bera gertatzen da azpiegitura kritikoetarako, informazio sentikorretarako, segurtasun kontuetarako erosketetan eta kontratazioetan. Lege horrekin, erakunde publikoek segurtasun eta erresilientzia irizpideak kontutan hartu ahalko dituzte, eta azkenean, Txinako edo beste herrialde batzuetako konpainiak lehiaketetatik kanpoan utzi.

Prezioak handituko ote diren galderari erantzunez, komisarioak azaldu du arauen sinpletzeak denbora eta diru asko aurreztuko diela tokietako administrazioei, berrehun orri bete behar izatetik bost orri betetzera pasatuko baitira.

BELGIUM EU COMMISSION (2)
Stephan Sejourne, araudiaren sinpletzea esplikatzen, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

Elkarrizketak Pekinen

Azken urteetan lehiaketetan eskaintza kopuruak asko jaitsi direla esan du Sejournek; orain, arau berriarekin, enpresen eskaintza gehiago izatea espero du, eta beraz, lehia gehiago.

Une honetan, kontratazio publikorako Europako araudia hiru legetan oinarritzen da, eta gaur aurkeztutako legeak irizpideak bateratzeko xedea izango luke. Hala ere, ez da berehala iritsiko. Hasiera batean, proposamenaren inguruko eztabaida 2027. urte bukaera arte iraungo zela aurreikusten zen, baina dagoeneko izan da atzerapena proposamena bera egiteko.

Izango da kontra neurririk Txinatik? Gaitzespen adierazpenez aparte, ez da Pekinen mugimendurik espero; oraindik ez, behintzat.

Izan ere, Europako Batasuna eta Txina hitz egiten ari dira EBren merkataritza defizitaren arrazoiei buruz, eta Europako Batzordeak urri arteko epea eman dio Txinako Gobernuari arazoaren inguruko konponbideren bat aurkezteko. Elkarrizketa horiek Pekinen ari dira gertatzen egun hauetan; han da Dennis Redonnet EBko merkataritzako negoziazioetarako burua.

Industria bizkortzeko legea zorroztu dute

Kontratu Publikoen Legea, berez, ez dator bakarrik. Batasunak desoreka globalei, erran nahi baita Txinaren lehiari, aurre egiteko arau sorta bat prestatzen ari da, gero eta presa handiagoarekin. Adibidez, Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak «dibertsifikaziorako tresna» lantzen ari direla iragarri zuen uda aurretik. Tresna horrekin, EBko enpresak haien erosketak eta hornikuntza kateak dibertsifikatzea sustatu nahi dute, sektore estrategikoetan Txinarekiko menpekotasunak murrizteko.
Arau sorta horretako izarretako bat da Bruselan IAA Industrial Accelerator Act deitzen dutena, Industria Bizkortzeko Legea. Made in Europe  (Europan egina) lehenesteko asmoarekin, IAAk EBko teknologia garbietan, baterietan eta halako sektore estrategiko batzuetan atzerriko —Txinako— inbertsioak baldintzatzen ditu: 
Proiektuen jabetzan gehiengoa izatea eragozten die merkatuan nagusitasun handia duten EBz kanpoko enpresei; EBko konpainiekin joint venture-an aritzera behartzen ditu; baita ezagutzaren transferentzia egitera eta fakturazioaren %1 Europan egindako ikerketan inbertitzera ere. Behartzen ditu EBko langile kopuru jakin bat izatera eta EBko hornitzaileak izatera.
Pasa den martxoan aurkeztu zuen IAA Europako Batzordeak, eta asmoa da urtea amaitu aurretik onartzea hura Europako Parlamentuak eta Europako Batasuneko Kontseiluak (herrialdeek).
Europako Parlamentuan oraintxe hasiko dira IAA eztabaidatzen dagokion batzordean, eta horretarako txostena prestatu duten hiru parlamentarioek Europako Batzordearena baino proposamen zorrotzagoa aurkeztu dute gaur bertan.
Batetik, Sejourne komisarioaren testuan baldintzak 100 milioi eurotik gorako atzerriko inbertsioei ezartzen zitzaizkien; aldiz, parlamentuan eztabaidatuko denak 50 milioi eurotik gorako inbertsioetara zabaldu nahi du.
Eta, bestetik, testu berrian sektore gehiagotan baldintzatzen dira inbertsioak, hala nola, haize errotetan, elektrolizagailuetan eta bero punpatan. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA