Erretretaren erreforma

Kontseilu Konstituzionalak oniritzia eman dio erreformari

Sei xedapen utzi ditu bertan behera, baina legezkotzat jo ditu erreformaren aldaketa nagusiak, erretiro adina 64 urtera gibelatzea barne. Erreferendum proposamenari ezezkoa eman dio, eta Kontseiluak maiatzaren 3an erabakiko du beste erreferendum proposamen bati buruz. Macronen asmoa da erreforma asteburu honetan promulgatzea.

Istiluak piztu dira Parisen, Kontseiluaren erabakian ostean. TERESA SUAREZ/ EFE
Irune Lasa.
2023ko apirilaren 14a
18:09
Entzun

Frantzian erretiro adina 62 urtetik 64ra atzeratzen duen erretretaren erreformari oniritzia eman dio gaur arratsaldean Frantziako Kontseilu Konstituzionalak.

Irizpenaren arabera, Frantziako Gobernuak «ez dio izkinik Konstituzioaren eskakizunei», ez Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa erabiltzean, ez erreforma 49.3 artikuluaren bidez onartzean.

Erabakiaren berri kalean jakin dute herritar askok Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, sindikatuek deitutako elkarretaratzeetan. Kolera izan da adierazpenetan gehien aipatutako hitza eta, besteak beste, Parisen Poliziak zenbait karga egin ditu.

Kontseilu Konstituzionalak neurri batean aintzat hartu du Nupes ezkerreko koalizioko diputatuek eta RN Batasunek Nazionalekoek euren helegiteetan aurkeztutako argudioetako bat. Erreforma ez da legegai gisa etorri, baizik eta Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa gisa. Horrela, 47.1 artikuluarekin, gobernuak parlamentuko eztabaida 50 egunera mugatu du. Baina, helegiteen arabera, eta orain Kontseiluaren irizpenaren arabera, zenbait artikuluk ez dute zerikusirik Gizarte Segurantzaren finantzaketarekin.

Eta horrela, finantzaketarekin zerikusirik ez dutelako, bertan behera gelditu dira adineko langileentzako kontratu mota berri bat jasotzen zuen artikulua eta baita 1.000 langiletik gorako enpresei adineko langileen indize bat egitera behartzen zien artikuluak.

Hala ere, erreformaren lerro nagusiak legezkotzat jo dira, eta orain, Emmanuel Macronen sinadura soilik falta da hura indarrean jartzeko.

Kontseiluaren erabakiak normalean ez dira bozkatzen, eta kontsentsuz hartzen dira. Ebazpen horien kontra ez da helegiterik aurkeztu. Gaurko irizpenerako Kontseiluko kideek izandako deliberazioak jasota geldituko dira, baina ezingo dira kontsultatu hemendik 25 urtera arte.

Erabakiaren berri izan bezain pronto Elisabeth Borne lehen ministroak esan du ez dagoela garailerik ezta garaiturik, eta erreformarekin pentsio sistemaren oreka 2030. urtean iritsiko dela. «Kontseilu Konstituzionalak epaitu du erreforma konstituzioarekin bat datorrela, bai muinean bai prozeduran. Testua bere prozedura demokratikoaren amaierara iritsi da. Gaur ez dago garailerik, ez garaiturik».

Sindikatuen estrategia

Zer egingo dute orain sindikatuek? Atzokoarekin guztira 12 protesta egun deitu dituzte azken hiru hilabeteetan, eta horiei gaurko mobilizazioak gehitu zaizkie. Orain Kontseilu Konstituzionalak erreformaren zati nagusiak balioetsi dituenean, mobilizazio indar berdinarekin jarraitzea zaila dutela jakin badakite sindikatuek, ostegunean jada jende gutxiago batu baitzuten.

Sindikatuen estrategia, ziurrenez, indarrak erreferendum proposamenaren inguruan batzea zen, oso posible ikusten dutelako 4,8 milioi hautesleren babesa biltzea. Kontseiluak, ordea, ezezkoa eman dio ezkerreko diputatuek martxoaren 20an aurkeztutako erreforma proposamenari.

Ezezkoa iris zitekeela aurreikusita ezkerreko diputatu eta senatariek atzo ostegunez erreferendumerako bigarren proposamen partekatu bat aurkeztu zuten. Aurrekoaren testu berbera dauka, baina legeari artikulu bat gehitu diote, finantzaketarako zerga diruekin lotua, eta horrek dirudienez «seguruagoa egiten du juridikoki». Kontseilu Konstituzionalak gaur baieztatu du testua jaso duela, eta hari buruzko irizpena maiatzaren 3an emango du.

Hurbilago, Maiatzaren Lehena dute ikusmiran sindikatuek, erreformaren kontrako manifestazio handiak egiteko. Gaurtik aurrera, sindikatuen mezu nagusia testua ez promulgatzeko eskaria izango da; pasa dadila berriz parlamentutik edota zuzenean Macronek ez dezala sinatu. Baina gaur TF1 telebista kateak azaldu duenez, Macronek asteburu honetan bertan sinatuko du promulgazioa.

Macronen gonbita

Macronek gaur Kontseiluaren erabakiaren aurretik egin die gonbit formala eragile sozialei, sindikatuei eta patronalei, datorren asteartean bilera egiteko, zehazki erretreten erreformaren inguruan. Gobernuko iturrien arabera, «berdin dio» zein izan Kontseiluaren ebazpena, astearteko «bilera, halabeharrez, ziklo baten hasiera izango da», zeinetan presidenteak eta gobernuak jarraituko duten elkarrizketan eragile sozialekin. «Eliseoko ateek irekita segituko dute, aurre baldintzarik gabe, elkarrizketa horretarako».

Intersindikalak, ordea, Kontseiluaren erabakiaren berri izan eta gero, esan du ez duela bilerarik egingo Gobernuarekin Maiatzaren Lehenaren aurretik. Bitartean, Frantziako sindikatu nagusiek erreforma ez aldarrikatzeko deia egin diote Errepublikako presidenteari. CFDTeko idazkari nagusi Laurent Bergerrek «solemneki» eskatu dio ez sinatzeko. Eta CGTeko idazkari nagusi Sophie Binetek ere dei bera egin du, esanez erreferendum handi bat antolatzea beste irtenbide demokratikorik ez dagoela, maiatzaren 3ko Kontseilu Konstituzionalaren erabakia buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.