Grezia. Erreskateari begira

Kontu eske, eta kontuak lotzen

Greziako Parlamentuak aurreko gobernuek erreskateetan izandako rola aztertuko du.Aste erabakigarria da negoziazio eta zorren ordainketarako

Jon Fernandez.
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bost urtetan inork argitu ez dituen galderen erantzunak bilatu nahi ditu Alexis Tsiprasek: Zeinek faltsutu zituen defizit datuak 2009an? Zein zen benetako finantza egoera Georgeos Papandreuk lehen erreskatea eskatu zuenean? Zergatik onartu zuten hartzekodun pribatuek zorraren kita bat 2012an?... Horiek eta beste hamaika galdera egingo dituzte erreskateak eskatu izanaren arrazoiak aztertzeko batzordean. Greziako Parlamentuak onartu zuen atzo batzordearen sorrera, Syrizaren eta haren gobernukide Anel eskuindarraren botoekin. Hauteskunde programan agindutakoa bete eta atzera begira kontu eske hasi nahi du Tsipras lehen ministroak, estatuko diru kutxa ia hutsarekin zor ikaragarria eta ohiko gastuak pagatzeko ere ozta-ozta kontuak lotzen ari den bitartean. Ez dira ariketa kontrajarriak.

«Erreskatearen hondamendiaren inguruan parlamentuan bost urteko isiltasuna egon eta gero, Greziako herria arduratzen duten galderak erantzungo dituen prozedura jarri dugu martxan», esan zuen Tsiprasek legebiltzarrean atzo, zortzi ordu iraun zuen saioan. Aldeko 156 boto jaso zituen batzordearen sorrerak, kontrako 72, eta 22 abstentzio. Atzera begirako azterketa «errebantxarik gabekoa» izango dela azaldu zuen gobernuburuak.

Andonis Samaras lehen ministro ohi kontserbadoreak, ordea, gogor kritikatu zuen: herrialdea kiebrara eramaten badu beste batzorde bat sortu beharko dela erantzun zion, Grezia «harkaitzen kontra zeinek gidatu zuen ikertzeko».

Azken batean, Syrizaren helburua da argitzea aurreko gobernuek herritarren interesen alde egin zuten ala ez erreskateen baldintzak sinatzean. Austeritatearen erantzukizun politikoak argitu nahi ditu Tsiprasek, eta batzordea oraindik ere airean al dagoengalderen erantzunak «alderdikeriarik barik eta objektibotasunez» erantzutea.

Batzordeak lau zatitan banatuko du ikerketa, denbora tarteen arabera. Lehen ikerketa aroa 2009ko urritik 2010eko maiatzera artekoa izango da, eta asmoa da jakitea benetan zer arrazoik bultzatu zuten Papandreuren gobernua troikari lehen erreskatea eskatzera. Bigarren ikerketa aroa 2010eko maiatzetik 2011ko azarora artekoa izango da, eta Papandreuk eskatutako bigarren erreskatearen atzeko xehetasunak argitu nahi ditu. Hirugarren azterketan xedea hartzekodun pribatuek onartutako zorraren kita partzialaren zergatia ulertzea izango da, eta 2011ko azarotik 2012ko maiatzera bitarteko aldia ikertuko du batzordeak. Azkenik, 2012ko ekainetik joan den urtarrilera bitartean Samarasen gobernuak hartutako austeritate neurriak ikertuko ditu.

Ikerketa batzordearen sorreran lau azterketa eremuak zehaztu dituzte, baina ez dute politikari bakar bat ere zuzenean seinalatu. Ez dute inoren izenik zehaztu. Hala ere, gobernuak aurreratu du batzordeak erantzukizun penalen zantzuak aurkitzen baditu auzi horiek epaitegietara eramango dituela. Gainera, batzordeak mugarik barik aritzeko ahalmena izango du, eta ikerketetan sortzen diren edozein auzitan sakondu ahalko du, nahiz eta zehaztutako denbora tarteetatik kanpoko kontuak izan.

Ituna, hilaren 24rako?

Austeritatearen bost urteetako barru politikoak arakatzeko batzordearen sorrerarekin hauteskundeetan agindutakoa bete du Tsiprasek. Ez da gutxi, promesak betetzea zaila zaion honetan. Hain zuzen, estatuak dirurik ez daukalako zaio zaila, adibidez, «giza krisia» deiturikoari aurre egiteko neurriak hartzea: gutxieneko soldata igotzea, pentsioak igotzea, behartsuenei gutxieneko zerbitzuak bermatzea... Neurriak hartzea baino, horiek praktikan burutzea da Atenasen zailtasuna. Batetik, esan bezala, dirurik ez duelako —iazko abuztutik blokeatuta du negoziazioa troikarekin, eta ordutik ez du haren diru laguntzarik jaso—, eta, bestetik, troikarekin erreskatea birnegoziatzean Alemaniak jarri dizkion gastu mugek maniobra tarte oso estua lagatzen dielako.

Ekonomikoki burujabe izatea eragozten dion zama darama gainean Greziak: BPGarekiko %185eko zor publikoa. Guztira, 323.000 milioi euroko zorra dauka estatuak, eta urtea amaitu baino lehen 22.500 milioi euro ordaindu behar ditu. Horrez gain, eguneroko gastuei ere aurre egin behar die: pentsioak, funtzionarioen soldatak eta ohiko fakturak, besteak beste. Hain zuzen, Syrizak behin eta berriz salatu du troikaren bi erreskateek egoera ekonomikoa arindu beharrean, zorra gehiago puztu dutela, ekonomia %25 txikitu dutela eta langabezia tasa ez dela %25etik jaitsi.

Behin eta berriz errepikatzen dute nazioarteko hedabideek Grezia kiebraren atarian dagoela, eta laster ez dela gai izango ohiko ordainketak egiteko. Tsiprasek berak aitortu zuen egoeraren larria Berlinen duela bi aste, eta ohartarazia du horrela jarraituz gero Atenasek erabaki beharko duela hartzekodunei pagatu —eurogunea, eta bereziki Alemania, ditu hartzekodun nagusiak— ala soldatak ordaindu. Eta soldaten ordainketa jarri du lehentasuntzat Syrizak.

Aste erabakigarria da, beste behin, Greziarentzat. Kiebra zurrumurruak uxatuz, Gianis Varufakis Finantza ministroak NDFri zor dizkion 450 milioi euroak ordainduko ditu gaur —hila amaitu aurretik 2.600 milioi pagatu behar ditu zorretan—, eta Aste Santuko etenaldiaren ostean Greziaren erreskatearen gaineko negoziazioei ekingo diete berriz gaur Eurotaldeko Lan Taldean.

Otsailean Atenasek eta troikak erreskatea lau hilabetez luzatzea adostu arren, ez dute ezer aurreratu. Greziak ez du oraindik dagokion 7.200 milioiko laguntza jaso, troikak lehenik erreformak zehazteko eta egiteko eskatzen dizkiolako eta, hain zuzen, egin beharreko erreformetan bat ez datozelako. Tsiprasen gobernuaren filtrazioen arabera, hartzekodunak prest leudeke Syrizaren zerga erreformak onartzeko, baina trukean soldatak eta pentsioak jaistea eta kaleratzeak erraztea eskatzen diote. Horiexek dira erreskateari lotutako erreformak onartzeko oztopo nagusiak.

Varufakisek astelehenean esan zuen apirilaren 24ko euroguneko finantza ministroen bilerarako espero duela erreformen gaineko ituna, eta gaur, hain justu, Jose Angel Gurria OCDEko buruarekin berba egingo du erreformez Parisen. Dena den, negoziazio egutegi korapilatsuari zor ordainketen egutegi gordina gehitu behar zaio. Apirilean zorretan 2.600 milioi euro pagatzeaz gain, beste 1.700 milioi ordaindu behar ditu soldata eta pentsioetan —erdia hilaren 1ean pagatu zuen, eta beste erdia hilaren 15ean pagatu behar du—. Gero eta zailago zaio Tsiprasi herrialdeko finantza kontuak ondo lotzea: dirua falta zaio, negoziazioek ez dute fruitu errealik eman, ordainketak egin behar ditu etengabe, eta denbora aurrera doa egoera gehiago nahasiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.