Kontu Ganberak uste du udalek zerbitzuak gutxitu behar dituztela

Nafarroako 11 udalerri handienen artean inork ez du erreskaterik behar, nahiz eta, oro har, zorra bikoiztu egin dutenAlonsotegik eta Gautegiz Arteagak beren zorra handitzeko eskatu diote aldundiari

Tutera da okerren dauden udaletako bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Beren izena erreskate hitz tabuari lotzea saihesteko moduan daude Nafarroako udalak. Hori uste du Kontu Ganberak, lurraldeko 11 udalerri garrantzitsuenen kontuak zorrotz aztertu ondoren. Baina ohar esanguratsu bat egin die: ematen dituzten zerbitzuak gutxitu beharko dituzte aurki, dirua ez zaielako guztientzat iritsiko. Bizkaian ere udalek erreskaterik ez dutela behar ziurtatu du aldundiak, baina jakinarazi du Gautegiz Arteagak eta Alonsotegik beren zorra handitzeko baimena eskatu dutela. Beste hamar udalerrik ere berdin egitea espero du aldundiak.

«Zerbitzu batzuk lehenetsi behar dira, ez delako posible izango denei eustea», ziurtatu du Helio Robledak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. «Zerbitzu asko ematen dituzte udalek, kalitate handikoak, gainera, baita beraiei ez dagozkienak ere», azaldu du. Baina krisi ekonomikoak udalen diru sarrera propioak gutxitu dituenez eta Nafarroako Gobernua diru gutxiago emateko moduan dagoenez, zerbitzu horien «arrazionalizazioari» bete-betean ekiteko eskatu die Robledak udalei. Udal bakoitzak banan-banan egin ordez, Robledak uste du alderdi politikoen lana dela «udal zerbitzuen mapa» egokitzea eta udalen artean dauden desberdintasunak gutxituz joatea.

2003tik 2010era bitartean, Iruñeko eta Nafarroako beste hamar udalerri handienen kontuak aztertu ondoren, Kontu Ganberak uste du egoera orokorra ez dela txarra, baina salbuespen batzuk ere ikusten ditu. Egoerarik okerrena Tuterak dauka, %124 handitu duelako zorra, beste inork baino gehiago.Erriberako hiriburuak udalerri handien zorraren %27 dauka, bere biztanle kopuruari dagokion baino askoz gehiago. Eguesibar, Berriozar eta Zizur Nagusia daude egoera ekonomiko onenean. Azken udalerri horrek, esaterako, ez du zorrik.

Oro har, udalerri handienek zorra bikoiztu egin dute aztertutako epean: 79,7 milioi euro zor zituzten 2003an eta 165,8 milioi 2010ean (+%108). Zor horren %58 Iruñeari dagokio, gutxi gorabehera bere biztanleriari dagokiona.

Kontu Ganberak aitortu duenez, azken urte eta erdian are gehiago zorpetu dira udalerri gehienak, krisi ekonomikoa gogortu egin delako eta diru sarrerak gehiago gutxitu zaizkielako.

Robledaren azalpenak entzun ondoren, kezkatuta azaldu dira Maite Esporrin (PSN) eta Patxi Zabaleta (NaBai). Zabaletak aukera gisa proposatu du Iruñea eta Tuterari «foru erreskatea» ematea. Bilduko Victor Rubiok udalen zerbitzuen eta eskuduntzen mapa egiteko eskatu du, eta deitoratu egin du hiru udal langileetatik batek behin-behineko kontratua izatea. Ezkerrako Txema Mauleonek, berriz, salatu du gobernuak oso diru kopuru desberdinak ematen dizkiola udal bati edo besteari: «Horrela bultzatzen dugu udal batzuek gai izatea besteek eskaintzen dituzten halako bi zerbitzu eskaintzeko».

Bizkaian ere, erreskaterik ez

Bizkaian, berriz, aldundiari egokitu zaio bertako udalen finantza egoeraren berri ematea. Argazki ona ematen saiatu da, eta beste euskal lurraldeetakoak eta Espainiakoak baino hobeto daudela nabarmendu du Jose Maria Aburtok, Ogasun diputatuak. Hori esateko, batez ere datu batean oinarritu da Aburto: iazko kontuak itxi berritan, Bizkaiko 112 udalerrietatik 88k zenbaki positiboekin amaitu ahal izan zuten urtea. 235 milioi euro zeuzkaten gordeta kutxetan, beren ohiko diru sarreren %19.

Guztiak ez daude, noski, hain egoera txukunean. Beste 24 udalerrik 10,4 milioi euroren defizita pilatu dute, eta horietatik bik, Alonsotegik eta Gautegiz Arteagak, baimena eskatu behar izan diote aldundiari gehiago zorpetzeko. Maiatzaz geroztik, Bizkaiko Aldundiak aukera ematen die udalei beren zorpetzea handitzeko, baldin eta dirua hornitzaileei edo enpresei pagatzeko bada. Trukean, kontuak onbideratzeko plana aurkeztu behar dute. Aburtok uste du gehienez hamabi udalerrik eskatuko dutela baimena. Herri txikiak dira, 16.500 biztanle soilik biltzen dituztelako. Berri ona dela uste du diputatuak, 30 izango zirela uste zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.