Koronabirusa

Koronabirusak erdira murriztu dezake munduko ekonomiaren hazkundea, OCDEren arabera

Koronabirusaren agerpenaren ondorioz, OCDEk txikitu egin du azaroan 2020rako hazkundearen aurreikuspena, %2,4ra, eta ez du baztertu lehen hiruhilekoan munduko BPGak atzera egitea.

Pekingo aireportua gaur. ROMAN PILIPE / EFE
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 2a
12:41
Entzun

Koronabirusa: Munduko ekonomia arriskuan. Txostenaren izenburuarekin ere mezu argia eman nahi izan du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, arazoaren neurriaren erakusle. 2020rako ekonomiaren bilakaeraz azaroan egindako aurreikuspenetan, erakundeak %2,9ko hazkundea iragarri zuen munduko barne produktu gordinarentzat. Baina koronabirusak gauzak aldatuko ditu. Zenbateraino? Hori aztertzen saiatu da herrialde industrializatuenak biltzen dituen erakundea, bere iragarpenen berrikusketa egiteko orduan.

Oraingoz, OCDEk uste du birusaren eraginez 2020an gutxiago haziko dela munduko ekonomia, %2,4 eskas bat. Lehen hiruhilekoan, gainera, posible da barne produktu gordinak atzera egitea munduan, baldin eta epidemiak hiruhileko honetan jotzen badu goia Txinan, eta handik at koronabirusaren zabalkundea apala eta kontrolatua baldin bada. Agertoki horretan, Txinarekin lotura handiena duten herrialdeek izango lituzkete ondoriorik okerrenak, hala nola Japoniak, Hego Koreak eta Australiak. Euroguneak, berriz, ahulaldiari batez ere urtearen lehen zatian igarriko lioke, eta urtea %1eko hazkundearekin bukatuko luke.

Baina, agertoki okerrago batean, ekonomiak kalte are handiagoa nozi dezake, OCDEren ustez. Epidemiak luze eta gogor jotzen badu, «Asia-Pazifiko eremuan, Europan eta Ipar Amerikan zabal hedatzen bada», iragarpenak nabarmen ahuldu daitezke: koronabirusaren erruz, munduko ekonomiaren hazkundea erdira, %1,5era, murriztu daiteke 2020an. Hainbat ekonomia, tartean eurogunea eta Japonia, atzeraldian sar daitezke. Eremu horiek, gainera, ez dute baliabiderik interes tasekin eskaria bultzatzeko.

OCDEren ustez, agertoki okerrago horretan, toki guztietan ez lirateke berriz gertatuko Txinan ikusitakoen mailako mugimendu murrizketak, baina, hala ere, konfiantzak kolpe handia jasango luke, ziurgabetasuna asko haziko litzateke, eta bidaien, salerosketen eta jende asko biltzen duten ekitaldien kopurua nabarmen jaitsiko litzateke. Horiek guztiek gastua murriztuko lukete, eta, ondorioz, prezioak beherantz bultzatu.

Gobernuei dei zuzena egin die OCDEk, koronabirusari berari eta haren ondorio ekonomikoei aurre egin diezaieten. Erakundearen aburuz, gobernuek ziurtatu behar dute beren osasuneko eta babes sozialeko sistemek behar besteko baliabideak dituztela lan egiteko.

Egoerarik okerrena gertatzen bada, eta ekonomiaren ahuleziak luze jotzen badu, ezinbesteko jo ditu koordinatutako ekintza multilateralak. Kasu horretan, OCDEren ustez, gastu publikoa areagotzea izan daiteke konfiantza eta sarrerak berreskuratzeko modurik eraginkorrena.

Horretarako prest daudela iragarri dute jada NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta MB Munduko Bankuak. Atzo kaleratutako agiri bateratuan,  agindu dute beren esku dauden tresnak «ahalik eta gehien» zabaltzeko prest daudela. «Larrialdietarako» finantzaketa, aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaini dituzte, «batez ere herrialde pobreei, haietan daudelako osasun sistema ahulenak eta herritarrik zaurgarrienak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.