Errenta apalenak ez zigortzeko

Hegoaldeko ogasunek gutxieneko soldataren igoerara egokituko dituzte errenta zergaren taulak. Arabak hasiak ditu tramiteak; Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak, ordea, ez dute iragarri noiz eta nola egingo duten hori.

OGASUNA - ZERGAK
Gipuzkoako ogasunaren bulego bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
aitor biain
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Gutxieneko soldata handitu izanaren ifrentzua da. Hego Euskal Herrian lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) jasotzen dutenak salbuetsita daude errenta zerga ordaintzetik, ez direlako iristen aitorpena egiteko gutxieneko kopurura. Baina Espainiako Gobernuak %5 handitu du gutxieneko soldata aurten, 1.134 euroraino, eta, beraz, urtarrilaz geroztik Hego Euskal Herriko 75.000 langilek iaz baino 54 euro gehiago jasotzen dituzte hilean: 15.876 euro gordin urtean, hots, ogasunek ezarrita zeukaten gutxieneko kopuruaren gainetik.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.000 euroan dago langa hori orain, eta 14.500 euroan Nafarroan. SMIak salbuetsitako kopuru hori gainditzen duenez, diru gehigarri horren zati bat atxikitzen hasi dira ogasunak, PFEZ zergaren bidez. Bada, salbuetsitako gutxieneko kopuru hori aldatzeko prest azaldu dira Hegoaldeko administrazioak. Errenta zerga SMIaren igoerara egokituta, helburua da soldata igoera hori ez baliogabetzea eta gutxieneko soldata jasotzen dutenak ez zigortzea.

Administrazio bakoitzak bere erara egingo du aldaketa hori, dena den. Nafarroako Gobernuak iragarri zuen «aztertu» egingo duela neurria —aurrez ere egina du aldaketa bat—, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak ere gauza bera esan zuten Finantzen Kontseiluaren bileran, aurreko astean. Ahaldun nagusiek, ordea, baztertu egin zuten berehala egitea; besteak beste, moldaketak tokian tokiko Batzar Nagusien oniritzia jaso beharko duelako. Zerga erreformari lotuta egingo zutela eman zuten aditzera.

Harmonizazioa kolokan

Ezustean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak indarrean jakinarazi zuen diputazioak lanak hasi zituela PFEZaren aldaketa onartzeko. Bi bide abiarazi ditu aldundiak. Batetik, dekretu bat onartzeko asmoa du, gutxieneko soldata jasotzen dutenei errenta zergaren atxikipena bertan behera uzteko; neurri horrek ez du Batzar Nagusien oniritzirik behar, eta onartzearekin bat sartuko litzateke indarrean.

Bestetik, foru araua moldatzeko proposamen bat aurkeztuko du, errenta zergaren taula «lehenbailehen» egokitu eta gutxieneko kopurua handitzeko. Batzar Nagusietara eramango lukete araua, aldaketa ahalik eta epe laburrenean onartzeko. Nolanahi ere, foru gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengorik bertan; beraz, beste baten babesa beharko dute horretarako.

Gonzalezek ez zuen zehaztu salbuetsitako gutxienekoa zenbatera igoko den, baina nabarmendu zuen hiru herrialdeetan zerga harmonizazioari eusteko konpromisoa dutela, eta, beraz, erabaki oro Zergen Koordinaziorako Erakundean adostuko dutela. Hain zuzen ere, Bizkaiko aldundiak jada aurkeztu zuen proposamen bat bertan, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak azaldu zuenez. Hala ere, PFEZaren taulak aldatzetik harago joan nahi du Bizkaiko diputazioak, aintzat hartu nahi baitu gutxieneko soldataren igoerak zerga sisteman duena eragina.

Batasunerako eta elkarlanerako mezu horiek ez datoz bat Gipuzkoak zehaztutako bide orriarekin. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan lantalde bat martxan dago egungo zerga sistemari eta etorkizuneko balizko erreforma bati buruz gogoetatzeko. Eta, Eider Mendoza ahaldun nagusiak jakinarazi zuenez, lantaldean bertan aztertuko dute lehenbizi errenta zerga gutxieneko soldatara egokitzeko neurria, eta gero erabakiko dute aldaketa noiz eta nola egin. Horrek esan nahiko luke aldaketa ez litzatekeela berehala egingo, hausnarketa prozesua sei hilabeteko epean amaitzea espero baitute.

Nafarroako Gobernuak ere errenta zerga arautzen duen legea moldatu beharko du gutxieneko kopurua handitzeko. Aurrez ere hala egin zuen: 12.600 eurotik 14.500 eurora handitu zuen kopurua, SMIaren igoerara egokitzeko. Hala eta guztiz ere, gutxieneko soldata jaso eta PFEZ atxikipenak jaso dituztenek hurrengo urteko errenta aitorpenarekin berreskuratu ahalko dute atxikitako diru hori.

datuak

15.876

Urteko soldata gordina, eurotan. Hego Euskal Herrian lanbide arteko gutxieneko soldata gordina (SMI), urtarrilaz geroztik. Espainiako Gobernuak %5 handitu du aurten.

14.000

Urteko soldata gordina, eurotan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan errenta zerga ordaintzetik salbuetsita daude urteko soldata gordinak kopuru hori gainditzen ez dutenek.

14.500

Urteko soldata gordina, eurotan. Nafarroan errenta zerga ordaintzetik salbuetsita daude urteko soldata gordinak kopuru hori gainditzen ez dutenek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.