Kotizatu ez zuten etxeko langileei ere langabezia saria onartu die Espainiako Gobernuak

2022ko urria baino lehen Gizarte Segurantzan izena emanda zutenek ere izango dute eskubide hori. Halaber, 52 urtetik gorakoek subsidioa jaso ahal izan dute.

Etxeko langile bat arropa eskegitzen. DANI CABALLO / EFE
Etxeko langile bat, artxiboko irudian. DANI CABALLO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko azaroaren 20a
13:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hiru urte hasi ziren Hego Euskal Herriko etxeko langileak langabeziarako kotizazioa ordaintzen, 2022ko urrian. Ordura arte, Gizarte Segurantzan izena emanda egonik ere, ez zuten langabezia saririk jasotzen. Baina hori aldatu egin zen 2022an, eta, orain, etxeko langileen eskubideen aldeko beste urrats bat egin du Espainiako Gobernuak: 2022a baino lehen egindako lanengatik ere langabezia saria jasoko dute urte haietan Gizarte Segurantzan izena emanda zeuden etxeko langileek, langabeziarako kotizatu izan ez bazuten ere.

SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak irizpidea aldatu du. Eman duen barne agindu batek dioenez, 2022a baino lehen enplegatutako etxeko langileei langabezia kobratzeko eskubidea onartuko zaie, baita 52 urte baino gehiago dutenei subsidioa jasotzekoa ere. 

Aurretik ere hainbat epai eman dituzte eskubide horren alde. 2023ko urrian, esaterako, Bilboko Lan Arloko 7. Epaitegiak arrazoia eman zion etxeko langile bati, eta 11 urte lan egin ostean langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu zion. 

Horren aurretik beste bat etorri zen, Europako Batasuneko Auzitegiarena. Hark diskriminatzailetzat jo zuen 2022ko urria baino lehen lanean aritutakoak langabezia saririk gabe uztea. Espainiako Estatua behartua dago Europako justiziak ebatzitakoa aplikatzera, eta horren erantzuna izan da SEPEren irizpide aldaketa.

Hego Euskal Herrian, 35.000 etxeko langile inguru daude Gizarte Segurantzan izena emanda.

Eskubide gehiago

Joan den astean, Espainiako Gobernuak beste urrats bat egin zuen behargin horien eskubideen aitortzan: haien lanpostuak dituen arriskuen ebaluazioa egiteko obligazioa dute enplegatzaileek; egiten ez badute, isun ekonomikoak jaso ditzakete. Eskubide hori jasota dago Lan Arriskuen Prebentzioari Buruzko Legean, baina etxeko langileen kolektiboari ez zaio orain arte aitortu. Espainiako Gobernuak prevencion10.es webgunea jarri du martxan enplegatzaileei lan hori errazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.