Koxkak, eskubide sindikalei kosk

Arrazoi ideologikoengatik kanporaturiko ELAko kideak berriz onartu beharko ditu Koxkak.Sindikatuak jakinarazi du enpresak ez diola helegiterik jarriko epaiari.Egoera ekonomiko estuan dago enpresa gaur egun

Langileen manifestaldia lantegiaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Koxka Tecnologiesek eskubide sindikalak urratu zituela adierazi du Iruñeko Lan Arloko 4. Epaitegiak. Hala bada, arrazoi ideologikoengatik kaleratu zituzten ELAko 26 langileak lanera itzuliko dira bost urte luzeren buruan. 2009 urteko otsailean Iruñeko Koxka eta Peraltako Kobol lantegietako 275 behargin kaleratzeko lan erregulazio espedientea onartu zuen enpresak zein CCOO eta UGT sindikatuek. Kaleraturiko 191 behargile Iruñeko lantegikoak ziren, garai hartan kasik Koxkako langileen %40. Nafarroako Parlamentuko talde politikoen osotasunak «neurriz kanpoko kaleratze prozesua» zela-eta gaitzetsi zuen.

Kaleratuen artean LAB, ELA eta ESK sindikatuetako afiliatu zein gertuko langile guztiak zeudela salatu zuten. CCOO eta UGTren laguntza baliatuz, «garbiketa ideologiko eta sindikala» gauzatu izana leporatu zioten sindikatuek enpresari. LABeko kideek idatzitako Koxkako liburu beltza dosierraren arabera, kanporatu zitezkeen ELAko hautagaien %90, ESK-ko %95 eta LABeko %100 bota zituzten. Alta, CCOOko %5 eta UGTko %8 kaleratu zituzten.

ELAko kideek erregulazio espedientearen aurka helegitea jarri zuten, baina Madrilgo Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu. Hortaz, sindikatuak kasazio helegitea aurkeztu zuen Gorenean, eta 2013ko uztailean, kanporatzeak baliogabetu zituen. Eskubide sindikala urratzen zuela argudiatu zuen Gorenak.

Hala eta guztiz ere, enpresak ez zituen berriz onartu, eta langileek auzi eskea egin zuten Iruñeko Lan Arloko Epaitegian iragan irailean. Enpresak saihesbidea hartu eta Konstituzionalera jo zuen babes eske, baina auzitegiak ez zuen aintzat hartu helegitea. Horrenbestez, Lan Arloko 4. Epaitegiak kaleratutako langileak berehala berriz hartuak izan zitezela ebatzi zuen joan den astean, hilaren 17an. Enpresak oraingoan onartu egin du epaia, eta ez du helegitea aurkeztuko. Beraz, kaleraturiko ELAko 26 kideak heldu den astelehenean itzuliko dira lanera.

Lehenago ere, ESK-ko afiliatuek euren auzia irabazi zuten.2009an auzitara jo zuten, eta hiru urteren buruan, Gorenak haien kaleratzeak baliogabetu zituen. Kasu horretan ere, enpresak ez zituen hartu nahi, baina Lan Arloko Epaitegiak ebazpena betetzera behartu zuen.

Koxka, estu eta larri

Egun, enpresa ataka gaiztoan dago. 2010ean, Koxka AEBetako AIAC arrisku kapitaleko taldeak bereganatu zuen. Enpresa irailera arte hartzekodun konkurtso aurreko egoeran egonen da, zorrei aurre egin ezinik. Aurten, zuzendaritzak bideragarritasun plan bat proposatu du: besteak beste, langileen soldata %15 gehiago murriztea eta hornitzaileei zor zaizkien 16,2 milioi euroetatik %26 gutxitzea. Alta, sindikatuek ez zituzten planaren baldintzak onartu. 70 enpresa hornitzaile inguru larri daude. Horien arabera, hamabost ixteko arriskuan daude, eta 200 lanpostu inguru jokoan leudeke. Langileen ezezkoa ikusirik, Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak azpimarratu du hartzekodun konkurtsoa irtenbide bakarra dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.