KPIren hazkundea orekatzeko, 135 euro jasoko dituzte pentsiodunek

Urtarrileko hirugarren astean, ordainketa bakar baten bidez, 2004ko atzerapenak kitatuko ditu Espainiako Gizarte Segurantzak

Erredakzioa
2004ko abenduaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iragarritako Kontsumo Prezio Indizearen eta benetakoaren aldea orekatzeko asmoz, erretiroko pentsiodunek 135 euroko saria jasoko dute urtarrileko hirugarren astean. Espainiako Gizarte Segurantzak 1.527,87 milioi euro jarriko ditu pentsiodunek urteko KPIren errenta baliokidea jaso dezaten. Kopuruaren erdia, 936,59 milioi euro zehazki, 2005ean pentsioak %3,5 handitu daitezen erabiliko dituzte, «pentsiodunen erosketa ahalmena murriztu ez dadin».

Aurtengo ekitaldirako, prezioen %2ko igoera iragarri zutenez, %3,5eko benetako hazkunderaino iritsi arteko aldea ordaintzera behartuta dago Gizarte Segurantza. Erretiroko pentsiodunez gain, 137,87 euro jasoko dituzte batez bestez behin betiko ezinduek eta 89,31 euro alargunek.

Datorren ekitaldirako iragarpenak egiten jardun zen atzo Octavio Granado Gizarte Segurantzako idazkaria. 2005ean pentsio guztiak gutxienez %3,5 haziko direla baieztatu zuen: «%2 inflazioari dagokio eta %1,5 prezioen desbideraketei». Gutxieneko pentsioak, berriz, %8,07 haziko direla nabarmendu zuen. Urte hasieratik azarora bitartean %3,3 hazi ziren prezioak Espainian, azaroan %0,2 garestituta. Urriko datuarekiko, 0,1 puntu murriztu zen iragan hilabetean hazkuntza pilatua. Urte arteko hazkuntza, ordea, %2,9koa izan zen.Hego Euskal Herriari dagokionez, %3,4raino iritsi zen urtarriletik azarora bitarteko prezioen hazkuntza. Araban, Bizkaian eta Nafarroan prezioak garestitu egin ziren arren, iragan hilabetean inflazioa murriztu egin zen Gipuzkoan.KPIren hazkuntzarik esanguratsuena Nafarroakoa izan zen, prezioak %0,6 igota. Jantziak eta oinetakoak garestitu ziren, batik bat, %5,5. Garraioak, ordea, aspaldion egin ez bezala, beherantz egin eta %0,5 merkatu ziren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere merkatu egin ziren garraioaren prezioak. Gipuzkoan , gainera, %0,2 jaitsi zen KPI. Hala ere, urtarriletik azarora bitartean %3,3koa izan zen hazkuntza, joan den urteko azarotik izandako maila berekoa, alegia. Araban %0,3 hazi zen KPI eta %0,1 Bizkaian. Urte hasieratik, beraz, %3,5 eta %3,4 igo ziren, hurrenez hurren, herrialdeotako prezioak.

Kezka ugari

«Larrituta» dagoela baieztatu zuen atzo Confebask patronalak, «Euroguneko herrialdeekiko inflazioaren aldea are gehiago hazi delako azaroan». Alde hori 1,3 puntura iritsi dela zehaztu zuen, «urtean izandako mailarik altuenean da, beraz».

Euskal enpresaburuen egoera lehiakideekin alderatu zuen eta «prezioen bilakaera okerra oso kaltegarria» dela berretsi zuen. Euro indartsuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen egoera are gehiago kaltetzen duela ohartarazi zuen. «Arazo hau zuzen bideratu beharra dago».Euskadiko CCOOk eta UGTk ohartu zuten «gobernuen %2ko inflazio iragarpenek gero eta sinesgarritasun txikiagoa» dutela. CCOOk hitzarmen kolektiboetan soldatak berrikusteko klausulek duten garrantzia aldarrikatu zuen, «langileen erosketa ahalmena bermatu ahal izateko». UGTk ohartu zuenez, azaroan KPI %0,2 hazi izanak «ekonomiaren bilakaera artean ere kezkagarria dela» baino ez du frogatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.