«Azkenean». Hitz horrekin adierazi du Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zortzi urteko krisi ekonomikoaren ondoren 2008ko BPG barne produktu gordina berdinduko duela. Aberastasuna berreskuratu da, baina ez da gauza bera gertatzen lanpostuei dagokienez. Izan ere, krisia hasi zenetik Gizarte Segurantzak galdutako 117.000 afiliatuen erdiak bakarrik berreskuratu direlako aberastasuna berdindu den epean. Langileen produktibitateak gora egin du, beraz. Urte ona izan da aurtengoa patronalarentzat: «2017a urte ona izango da, baina ez amaitzera doana bezain ona».
Confebaskek hazkundeari eman nahi izan dio garrantzia. 2016. urtea %3ko hazkundearekin amaitzea espero du patronalak, aurreikusitakoa baino lau hamarreko gehiago. Eta hazkunde horrek Gizarte Segurantzako afiliazio kopuruen gorakada ekarriko du, denera 18.000 izango direlako urte honetan izena eman dutenak. Datorren urterako, aurtengo lepotik burua. Ekonomia %2,5 haziko dela dio Confebaskek, eta 16.000 afiliatu berrik izena emango dutela Gizarte Segurantzan. Urte honetako hazkundea «indartsua» izan dela esan du Larrañagak, eta espero du horrek langabezia tasa %12,5era jaisten laguntzea. 2012. urteaz geroztik izandako daturik onena izango litzateke. Datorren urterako egindako aurreikuspen positiboek are gehiago jaitsiko lukete tasa hori, eta %11ra iritsiko litzatekeela espero dute.
Testuinguru ekonomikoaren «analisi positiboa» egiteaz gainera, patronalak enpresariei galdetu die ea nola ikusten duten datorren urtea, eta horiek erantzun diote oro har 2017a egonkorra izango dela. Hala ere, bada urtetik urtera errepikatzen duten kexa bat, eta Larrañagak horiek bere ahotan jarri ditu: «Guk zergak ordaindu nahi ditugu, baina ez gainerakoek baino gehiago, horrek desabantailan uzten gaituelako». Enpresei aplikatzen zaizkien zergen inguruko kexa azaldu du patronaleko buruak, eta «lehiakortasunaren araberako zerga politika» eskatu du. «Lehiakorrak baldin bagara, gehiago saltzen dugu; gehiago saltzen badugu, gehiago ekoizten dugu, eta gehiago ekoizten badugu, kalitatezko enplegu gehiago sortzen dugu, eta horrek guztiak diru bilketa handiagoa ekar dezake berarekin». Horregatik guztiagatik, diru bilketan egin daitezkeen aldaketetan «enpresei zergak igotzeaz gainera gauza gehiago» egin daitezkeela esan du Larrañagak.
Azken urteetan, gainera, enpresek «apustu garrantzitsuak» egin dituzte. Horien artean garrantzitsuenetariko bat nazioartera jotzea izan da. Barne merkatuakgelditu zirenean, kanpora jo zuten enpresa askok, eta azken sei urtean bikoiztu egin da euren produktuak nazioartean saltzen dituzten enpresen kopurua. 2010. urtean ia 7.500 enpresak jo zuten nazioarteko merkatuetara, eta 2015. urte amaieran ia 14.500 ere izan ziren. Urte honetarako ere joera hori mantenduko dela uste du patronaleko buruak.
Akordio interprofesionala
Aurreikuspen ekonomikoez gainera, 2017an lan munduak akordio interprofesional bat ekar dezake. Urtarrilaren 10ean batuko dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak eta patronala, eta egun horretan bertan akordioa sinatzea espero du Larrañagak: «Ez dugu ikusi sinadura hori galarazi dezakeen ezer gertatu denik, beraz, egun horretan bertan sina dezakegula esango nuke nik». Azaroaren 30eko bileraren ondoren kide guztiek akordioa lortzeko borondatea erakutsi zutela esan du patronaleko buruak, eta horregatik ez du espero bestelako ezer gertatzea berriz ere sindikatuak eta patronala mahaiaren bueltan esertzen direnean.
Krisia hasi aurreko aberastasuna berreskuratuko du EAEk aurten
Urte amaierarako ekonomia %3 haztea espero du Confebaskek, eta hurrengo urterako, berriz, %2,5. 2017. urtean 16.000 lanpostu berri sortuko direla dio patronalak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu