«Ez gaituzte krisitik atera nahi, XVIII. mendera itzultzea nahi dute», salatu zuen Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak Iruñean egindako manifestazioaren ondorengo hitzaldian. Aralarrek, EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak deituta murrizketen eta PPk bultzatutako azken erreformen aurka manifestatu ziren milaka herritar atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Iruñean, hotz handiari aurre eginez, 1.500 herritar inguruk PP, Alderdi Sozialista eta UPN Hego Euskal Herrian zein Espainian krisiari aurre egiteko ezartzen ari diren politikak deitoratu zituzten. Krisia «langileen bizkar gain» jartzea eta Euskal Herria «zulo beltz batera» zuzendu nahi izatea egotzi zieten alderdi horietako agintariei.
Zero azpiko tenperatura eta are hotz handiagoa egiten zuelako sentsazioa sorrarazten zuen haizea izan ziren atzoko Iruñeko manifestazioko protagonista. Dena den, giro hotzari aurre egiteko umorea ez zen falta. Telefono gorri erraldoi bat jarri zuten Gazteluko plazako kioskoaren ondoan. Telefonoari erantzuteko gertu, kapitalistak irudikatu nahi zituzten bi gorbatadunek PPren neurrien parodia egin zuten, bertaratutakoen artean irribarreak eraginez. Betiere umorea erabiliz, manifestariei iseka egiten zieten protesta gutxi egiten zutela, eta ea zenbat lan erreforma behar zituzten jendea altxarazteko. Madrilen sinatu berri den azken lan erreformarekin, kaleratze gehiago egiteko jada aitzakiarik behar ez zutelako pozarren azaldu ziren bi pertsonaia horiek, eta une batez EBZri ere deitu zioten 2.000 milioi euro eskatzeko.
Ordu laurdeneko atzerapenarekin ekin zion manifestazioak. Bertan ziren, besteak beste, Aralarreko Txentxo Jimenez, Patxi Zabaleta eta Aritz Romeo; ezker abertzaleko Txelui Moreno, Juan Kruz Aldasoro eta Patxi Urrutia; EAko Miren Aranoa, Eva Aranguren eta Maiorga Ramirez; Amaiurreko diputatu Sabino Cuadra eta Bilduko parlamentariak, Bakartxo Ruiz eta Aitziber Sarasola.
Manifestazioa Gazteluko plazan hasi eta, ordubete geroago, Sarasate pasealekuan amaitu zen, Foruen Monumentuen pean. Han, Txelui Morenok, Txentxo Jimenezek eta Miren Aranoak bost minutuko hitzaldiak eskaini zituzten. Morenok, kasu, azken lan erreforma gogor kritikatu zuen: besteak beste, erreformak «zakarrontzira» bidaliko dituelako lan itunak eta aldi baterako laneko enpresek zein mutualitateek «etekin oparoak» aterako dituztelako. Txelui Morenoren ustez, Espainian azken urtetan ustelkerian murgilduta egon den PPk orain «zulo beltzera» zuzendu nahi ditu langileak. Haren ustez, orain begi bistakoa da euskal langileriarentzat Espainia «lasta» bat dela eta loturak «hautsi» egin behar direla.
Jarraian, Txentxo Jimenezek hitz egin zuen, eta salatu egin zuen Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua ez direla gai izan egungo errezeta neoliberalei aurre egiteko. «Guztiz alderantziz, goraipatu eta defenditu egin dituzte», kritikatu zuen. Haren ustez, langabeziari eta gizarte bazterketari aurre egin ordez, defizitari eta murrizketei eman diete lehentasuna «Konstituzio mailara igo arte». Jimenezen ustez, Nafarroan UPNk eta PSNk iraganean baliabideak xahutu egin dituzte eta beren interesen araberako ustelkeria eragin; orain, berriz, enplegua bultzatu ordez, murrizketen ondorioz langabezia gehiago eragin dute. Jimenezen arabera, erabaki ahalmena eta ezkerreko politikak ezartzea dira krisitik ateratzeko giltza.
Miren Aranoak Espainiako Gobernuaren errezetak «mimetikoki kopiatzea» egotzi zion Nafarroako Gobernuari. «Nafarroako ongizatea hondatzen ari dira». Aranoaren arabera, etorkizunari itxaropenez aurre egiteko Euskal Herriak beharrezkoa du Espainiako Gobernuaren lasta alboratzea. Aranoaren arabera, gobernu hori «zaharkitua» dago, baliabideak bukatuak ditu eta ez du ideiarik krisiari aurre egiteko.
Iruñeaz gain, manifestazioak egin ziren atzo arratsaldean Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Milaka herritarrek parte hartu zuten. Burujabetza ekonomikoa aldarrikatu zuten. Besteak beste, funtsezkotzat jo zuten eskubide eta zerbitzu soziala bermatzea, garapen sozialarekiko eta naturarekiko errespetua izango duen ekonomia garatzea eta ondasunaren banaketa bidezkoa ziurtatuko duten zerga eta lan politikak.
Krisia langileen bizkar gain uztea salatu dute lau hiriburuetan
Aralar, ezker abertzalea, EA eta Alternatibak deituta, milaka herritarrek bat egin dute murrizketen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu