Krisi ekonomikoa egoera sozial jasanezina sortzen ari dela ohartarazi du LABek. Hego Euskal Herriko Gizarte Errealitatea izeneko txostenean bildutako datuen arabera, 213.000 lagun daude lanik gabe lanik, 71.000 familiak gizarte laguntzei esker bizi dira, krisia hasi zenetik 7.000 etxe desjabetze izan dira, eta milioi erdi lagun bizi dira pobrezia mailatik behera.
Datu horien atzetik pertsonak daudela gogorarazi zuten Bea Martxuetak eta Oihan Ostolazak, Bilbon atzo egindako aurkezpenean, «etsipenean, zorretan, atsekabetuta, proiektuak zapuztuta, ondoez psikikoarekin, bizikidetza unitateak desegituratuta dagoen jendea». LABen arabera, «neoliberalismoak, pribatizazioen, merkatu librearen eta etekina edonola lortzearen hooligan-ek sakrifikatutako pertsonak».
Lanpostu prekarioen eta soldata apalen ondorioz, dagoeneko lana izatea «ez da pobreziatik ihes egiteko bermea», LABen araberalangileen %15 txiroak baitira. Gehien eta gutxien duten arteko aldea handitzen ari dela dio, eta horren erantzukizuna administrazioei egotzi die, «errenta handien mesederako zerga politika indarrean jarri dutelako». Bi dira, LABen arabera, zerga politikaren akats handienak. Batetik, zuzeneko zergen ondorioz garrantzihandiagoa ematea BEZaren moduko zeharkako zergei (bilketaren %51,6 da), nahiz eta horrek ez duen «errenta mailen artean bereizten».
«Gizarte arrazakeria»
Bestetik, sindikatuak gogor jo du zerga gastuen aurka. Errenta eta sozietate zergetan dauden kenkariak dira horiek. LABek dio horien ondorioz jasotzen diren ehun eurotik beste 49 bildu gabe geratzen direla. Zerga gastu horien artean bereziki mingarria egiten zaio pentsio plan pribatuari egiteagatik jasotako kenkaria: 475 milioi eurokoa da Hegoaldean, oinarrizko errentan eta gizarte larrialdiko laguntzetan gastatzen dena baino 200 milioi gehiago.
Hain zuzen ere, oinarrizko errentak jasotzen dutenak estigmatizatzeaz eta errudun egiteaz egotzi die LABek erakundeei. «Zabaltzen ari diren mezuaren bidez, iruzur egiteko susmopean jartzen ari dira milaka lagun; hala, ulertarazten dute diru laguntzak inolako kontrolik gabe ematen direla eta onuradunak horretaz baliatzen direla», ziurtatu du. Argudio «populista» horren bidez, «gizarte arrazakeria» dagoela uste du sindikatuak. Haren ustez, erabilera okerreko kasuak oso bakanak dira, eta ez dute ondorio ekonomiko handirik.Are gutxiago, kontuan izanda 10.000 milioi euroko zerga iruzurra dagoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Krisiak egoera «jasanezina» sortu duela dio LABek
«Etekina edonola lortzearen 'hooligan'-ek» milaka pertsona sakrifikatzen ari direla salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu