Kobratuko ez dituen mailegu eta produktuetan 1,7 bilioi euroko galerari aurre egin beharko dio finantza sektoreak mundu osoan. Hala ere, krisi ekonomikoaren koste globala orain dela sei hilabete kalkulatu zuena baino nabarmen txikiagoa izango dela nabarmendu du Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). 400.000 milioi euro gutxiago izango dira, hain zuzen ere.
Finantza sektorearen egoera aztertzen duen txosten berria kaleratu zuen atzo NDFk. Oro har, galerak txikiagoak izango dira, eta bankuen aktiboak indartzen ari dira. Horrek inbertitzaile pribatuen kapitala errazago lortzea ekarriko die. Ordaindu beharreko fakturaren parte handi bat -bi heren kalkulatu dituNDFk- finantza erakundeek honezkero bere gain hartu dute.
Ekonomia nagusi guztietan galerak murriztuko direla iragarri du NDFk. AEBetako erakundeei dagokienez, %14 gutxiago izango da, baina, hala ere, fakturarik garestiena ordainduko dute: 660.000 milioi euro. Euroguneko herrialdeetan 495.000 milioi izango dira (%18gutxiago), eta Erresuma Batuan, 338.000 milioi (%25eko jaitsiera).
Arazoak badaude oraindik, ordea. Etorkizun hurbilean bankuei eta finantza erakundeei gutxieneko kapital eta likidezia beharrak handitzea eskatuko zaie. Gainera, pilatutako zorretik hiru urtetan 3,7 bilioi euro berriro finantzatzeko tresnak bilatu beharko dituzte. Ataka horretan dauden bitartean banku zentralek eman dizkieten laguntzak eta erraztasunak gutxituko zaizkiela dio txostenak.
Halaber, argazki orokorrak arazo zehatzak ezkutatzen dituela ohartarazi du NDFk. AEBetan eta Alemanian eskualde osoko bankuak aipatzen ditu txostenak. Espainian, berriz, sektoreak 16.000 milioi beharko lituzke, egorarik okerrenean. Diru gehiena, %77, aurrezki kutxei dagokie.
Gerra osteko defizita
Pixkanaka finantza sektorearen egoera hobetzen ari dela uste du Jose Viñalsek, NDFko diru eta kapital merkatuen departamentuko buruak. Susperraldirako arrisku nagusia, orain, gobernuen defizita da. Bankuetatik aktibo txarrak euren gain hartzeaz gain, atzeraldiari aurre egiteko gastua biderkatu dute. «Herrialde aurreratuek duten zor maila II. Mundu Gerraren ondoren zutenaren parekoa da, baina munduko gerrarik gabe», ohartarazi zuen Viñalsek, txostenaren aurkezpenean.
Aparteko defizita dela-eta, gobernuek dituzten finantzaketa beharren ondorioz interes tasak igotzeko arriskua dago, NDFren aburuz. Efektu horrek bankuei eta enpresa txiki eta ertainei egingo die kalte, eskura dagoen kreditua murriztuko duelako. Arazo horiek zuzendu gabe finantza krisia ez dela amaituko adierazi zuen Viñalsek.
Krisiak eragindako galeren bi heren honezkero euren gain hartu dituzte bankuek
NDFren arabera, espero baino 400.000 milioi euro gutxiago ordaindu beharko ditu finantza sektoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu