Kuota 300 euro inguru jaitsiko zaie hipoteka orain berritu behar dutenei

Maiatzean %1,644an geratu da Euriborra, eta hirugarren hilabetea bete du jarraian inoizko gutxieneko mailan

2009ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Hipoteka ordaindu behar dutenei Euriborrak emandako berri onek ez dute etenik: bi hilabetez inoizko batez bestekorik txikiena markatu ostean, hirugarrenean ere markak hausten jarraitzen du, eta %1,644an geratu da maiatzean. Horrek esan nahi du hipoteka hilabete horretako batez bestekoarekin berritzea dagokienei %30 inguru (300 euro) merkatuko zaiela hileko kuota, urtean 3.600 euro aurrezteraino.

Erreferentziatzat 160.000 euroko eta %0,5eko diferentziala duen hipoteka hartuta, diru hori itzultzeko 25 urteko epea dutenek 293 euro aurreztuko dute hilean. Hala, 982 euro beharrean 689 euro ordainduko dituzte. Zenbat eta epe luzeagoa eduki amortizatzeko, orduan eta gehiago merkatuko da kuota. Hala, 30 urteko epea dutenei 305 euro merkatuko zaie: 908 euro ordaintzetik 603 ordaintzera pasatuz.

Euriborra iazko maiatzetik ia %3,4 jaitsi arren, merkatuko ez diren kuotak ere izango dira. Euriborra maila altuan egonagatik ere, bankuek aurreikusi zituzten garai okerragoak, eta horretarako neurriak hartu zituzten. Esaterako, zoru klausula deitzen dena aplikatuz. Kontratuan gutxieneko muga bat ezartzeari deitzen zaio. Hala, Euriborra kopuru horren azpitik egonagatik ere bezeroak behartuta daude gutxieneko hori ordaintzera.

Beste batzuk ere izango dira merkatzea nabarituko ez duteneak: kontratu berrienak dituztenak. Euriborra horren maila txikian egonda diferentzialak nabarmen igo dituztelako finantza erakundeek, eta lehengo %0,5etik %1eraino ere igo dituzte kasu batzuetan.

Atzo, hain zuzen ere, UCE Espainiako Kontsumitzaileen Batzak bankuen «gehiegizko klausulak» eta «neurrigabeko interesak» salatu zituen. UCEren arabera, legeak ezarritakoak baino baldintza «gogorragoekin» ematen dituzte orain hipoteka berriak, duela urtebete baino diferentzial «askoz» handiagoarekin. Zoru klausulak dituztenek merkatzea ezin dutela aprobetxatu ere kritikatu du.

Geroz eta hipoteka gutxiago ematen direla ere aipatu du UCEk. INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako azken datuen arabera, martxoan 3.986 hipoteka onartu ziren Hego Euskal Herrian, otsailean baino 158 gutxiago, eta urtarrilean baino 216 gutxiago.

Merkatze gehiago?

Euriborrak zortzi hilabete bete ditu behera egiten. Irailean iritsi zen inoizko mailarik gorenera (%5,384), eta ordudanik jaisten joan da ia egunero behera eginez. Aldiz, beherakada zertxobait moteldu da azken aldian: hilaren 19an eguneko kotizazioa inoizko mailarik txikienera iritsi ostean (%1,595), zazpi egun jarraian bete ditu gora egiten. Hala ere, atzo behera egin zuen berriro.

Egoera horri eman dioten erantzuna adituek: egoera ekonomikoa zertxobait egonkortu dela, eta Europako Banku Zentralak (EBZ) bankuei likidezia errazteko martxan jarritako neurriek eragina izan dutela.

Hala eta guztiz ere, oraindik badago kuotak gehiago merkatzeko tarterik, adituen arabera. Batez ere, EBZk interes tasak gehiago jaitsi ezean, bere horretan uztea (%1ean) espero dutelako. Azken agerraldian, baina, ez zuen ezer argitu Jean Claude Trichet EBZako presidenteak: «Ez dugu interes tasaren mugari buruz hitz egingo», adierazi zuen. Ondorioz, indizea %1,5 inguruko mailan ibiliko dela iragarri dute adituek.

Euriborra interes tasekin lotuta dago, bankuek elkarri salerositako maileguetan jarritako batez bestekoa da baita. Hala, diruaren prezioak (interes tasa) behera egiten duenean Euriborrak ere halaxe egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.