Sinestezina dirudi, baina egia da. Aberats batzuek zerga gehiago ordaindu nahi dute krisiaren faktura ordaintzen laguntzeko. Warren Buffett estatubatuarra izan zen hori esaten aurrena,abuztuaren erdialdera The New York Times egunkarian argitaratu zuen artikulu batean. Utzi aberatsak mimatzeari izenburupean, krisitik ateratzeko biderik onena «sakrifizioa partekatzea» dela zioen, eta AEBetako Gobernuari eskatzen zion errentarik altuenei zergak igotzeko, ez dezan klase ertainak ordaindu krisiaren faktura osoa.
Inbertitzaile estatubatuarraren hitzek harridura eragin zieten batzuei, eta eredugarri izan ziren beste batzuentzat, egun batzuk geroago gauza bera egin baitzuten Frantziako eta Alemaniako zenbait aberatsek. Abuztuaren amaiera aldera, Frantziako hamasei dirudunek Buffetten artikuluaren antzeko beste bat sinatu eta argitaratu zuten Nouvel Observateur astekarian. Tartean ziren Liliane Bettencourt herrialdeko emakumerik aberatsena eta L'Oreal kosmetiko taldearen jabea, Frederic Oudea Societe Generale bankuko zuzendari nagusia, Stephane Richard France Telecomen arduraduna eta Philippe Varin Peugeoteko presidentea. «Ekonomikoki ondoen dauden frantziarrei eragingo liekeen zerga berezi bat» eskatu zuten. Hurrengo egunean, urtean 500.000 eurotik gorako diru sarrerei %3ko zerga ezarriko diela iragarri zuen Nicolas Sarkozy presidenteak; hori bai, soilik 2013ra arte.
Alemaniako aberatsak izan ziren hurrengoak. Irailaren hasieran, 50 bat dirudunek gauza bera eskatu zuten Deit Zeit astekarian argitaratutako artikulu batean. «Ez gara hitz egiten ari etxebizitza bat jabetzan izateko aurreztu duen jendeaz, ehunka milioi euro dituzten herritarrez baizik», zioten. Baldintza gisa, estatuak zerga horretatik jasotzen duen dirua soilik zor publikoa amortizatzera bideratzea jarri zuten sinatzaileetako zenbaitek.
Portugalgo Gobernuak, berriz, eskatu beharrik gabe igo dizkie zergak errentarik altuenei. Lehen %46,5eko zerga ordaintzen zuten urtean 153.300 eurotik gorako errentek; aurrerantzean %49koa ordaindu beharko dute.
Silvio Berlusconi Italiako presidenteak ere asmo bera erakutsi zuen aurreko hilaren hasieran. Gobernuak onartu ere onartu zuen «elkartasun zerga» deiturikoa, datozen bi urteetarako. Urtean 90.000 eurotik gorako errentei %5eko zerga ezarri behar zieten eta 150.000 eurotik gorakoei %50ekoa. Neurria indarrean sartzeko ordu batzuen faltan, ordea, atzera egin zuen. Azkenean, urtean 500.000 eurotik gorako errentei %3ko zerga ezartzea erabaki zuen herenegun.
Hegoaldean
Bruselak defizitari jarritako muga errespetatzeko beharrak diru iturri berriak bilatzera bultzatu ditu Europako Batasuneko herrialdeak. Baina, egiari zor, aberatsei zerga berezi bat ezartzeko kontua ez da berria. 2009an, esaterako, Erresuma Batuko Gobernuak %50ean zergapetu zituen urtean 150.000 libratik (165.000 euro baino zertxobait gutxiago) gorako errentak; %40ko zerga ezartzen zien ordura arte. Eta, 2007an,Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak zergak hiru puntu igo zizkien urtean 250.000 eurotik gorako errentei, %42tik %45era hain zuzen.
Espainian eta Hego Euskal Herrian ez da horren dirudun eskuzabalik. Oraingoz, behintzat, haietako inork ez du eskatu zergak igotzeko. Politikariren batzuk, ostera, bai, azaroaren 20ko hauteskundeen ostean errentarik altuenei zergak igoko dizkietela aurreratu dute. Espainian, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentetzarako hautagaia izan da asmo hori adierazi dutenetako bat. Ez da xehetasunetan sartu, baina kalkuluak eginak ditu: 1.400 milioi euro bildu nahi ditu errentarik altuenak gehiago zergapetuta eta beste 1.000 milioi euro bankuentzat zerga berri bat sortuta. Diru hori guztia enplegua sustatzera bideratuko duela ere esan du dagoeneko.
Hego Euskal Herrian, ostera, kalkulurik ez eta asmoak ere gutxi. Uztailaren 20an, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hiru foru aldundietako ahaldun nagusiekin bildu zen besteren artean zergen igoerari buruz hitz egiteko. Ondasunen gaineko zerga berrezartzeaz, errentarik altuenei PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igotzeaz, oinordetzan jasotako ondasunak zergapetzeaz eta enpresa ertain eta txikiei sozietate zerga murrizteaz aritu ziren bilera hartan. Bilduk zergak igotzearen alde egin zuen; EAJk, ordea, ez. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, esaterako, «gaixorik dagoen behi bat gehiagotan jeztea» litzatekeela adierazi zuen, eta lehendabizi gaixorik dagoen behia sendatu behar litzatekeela gehiago ekoitz dezan. Lopezek erantzun zion bere asmoa ez dela inor «zukutzea»: «Nik nahi dudana da behi guztiak jeztea, justiziagatik, baita jetziak izan nahi ez dutenak ere».
Gauza bera baina beste hitz batzuekin adierazi zuen orain gutxi: «Ez dut zergak igotzerik nahi, herritar guztiek dagokiena ordain dezatela baizik». Atzo, berriz, ongizate estatuari eutsi nahi bazaio zerga sistema erreformatzea behar-beharrezkotzat jo zuen. Hori egiterako, ordea, hilabeteak igaro daitezke, eztabaida handiko hilabeteak gainera.
Nafarroan ere lasai egon daitezke gehien dutenak, Yolanda Barcina presidenteak argi baitu ez diela aparteko ahaleginik eskatuko. Defizita kontrolatzeko, egokiagoa deritzo gastuak murrizteari diru sarrerak handitzeari baino.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PFEZn %45eko tasa ordaintzen dute urtean 62.400 eurotik gorako errentek. Hori da egun indarrean dagoen tasarik altuena; 40.000 herritar inguru iristen dira horretara. Nafarroan, berriz, bi tarte berri sortu zituzten duela urtebete: %43ko tasa ezarri zieten urtean 88.000 eurotik gorako errentei eta %44koa 125.000 eurotik gorakoei. Ez pentsa, ordea, gobernuaren ekimenez sortu zituztenik bi tarte horiek. Parlamentua izan zen horretara behartu zuena, NaBai, PSN eta Ezker Batuaren proposamen bat onartuta. Nafarroako Ogasun Departamentuak emandako datuen arabera, bi tarte berri horiek esker, urtean bi milioi euro inguru gehiago bilduko dute PFEZn.
Ez da diru asko, baina zerbait bada. «Zerga gehigarriek ez dituzte estatuen finantza arazoak konponduko, baina garrantzitsuak izan daitezke prestazio publiko batzuei eusteko eta gutxiago zorpetzeko garaian», dio Ignacio Zubiri EHUko Ogasun Publikoko Katedradunak. Ez du uste errentarik altuenei zergak igotzeak krisia konponduko lukeenik, baina alde onik baduela dio. «Krisiaren kostuak partekatzeko balioko luke. Orain arte ia herrialde guztietan klase ertainaren eta bereziki baxuaren bizkar erori dira ondoriorik gordinenak: langabezia, prestazio publikoen murrizketak... Aberatsek kostu horren zati bat beren gain hartzea oinarrizkoa litzateke kontratu sozial demokratiko batean». Horregatik, Espainian eta Hego Euskal Herrian ere beste herrialde batzuetako eredua jarraitu beharko luketela uste dut, «bidezkoena» delako eta gabezia garaian baliabide gehiago izatea ahalbidetuko lukeelako. Gainera, Zubiriren ustetan, «zenbait aberatsek eta haien lobbyek ziurtatzen dutenaren kontra, errenta altuenei zergak igotzeak ez du jarduera ekonomikoan inolako galerarik eragingo».
Gainera, zergak errentarik handienek ihes egiteko beldurrik gabe igo behar direla uste du EHUko katedradunak. «Bistakoa da arriskua egon badagoela. Ihesa, errenta motaren, zergetan dauden aldeen eta kontrol mekanismoen araberakoa izango da. Egungo parametroak kontuan hartuta, ordea, nik uste dut Euskal Herrian badagoela errentarik altuenei zergak igotzeko aukera lekualdatzeen beldur izan gabe».
Erreforma sakona
Mikel Noval ELA sindikatuko ekintza sindikaleko arduraduna ere gehien dutenei zergak igotzearen aldekoa da, baina dio horrekin bakarrik ez litzatekeela nahikoa. «Zentzu horretan, azken asteetan mahai gainean jarri duten eztabaida oso interesgarria iruditzen zaigu, zerga arloan erreformak egitea beharrezko ikusten dugulako, sakoneko erreformak, gainera, baina azken urteotan egin direnen kontrako bidetik». Izan ere, azken urteetan aberatsei zergak jaitsi egin dizkietela dio Novalek. «Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, esaterako, tasa marjinala jaistera egin dute Hego euskal Herriko administrazioek; azken urteetan 11 puntu jaitsi dute».
Zubirik ere sistema osoa erreformatu beharra dagoela uste du. «Jendeak ezin du engainatzen utzi. Zergarik gabe ez dago prestazio publikorik eta ongizate estatuari eutsi nahi badiogu ezinbestekoa izango da zergak igotzea». Horregatik, bi zatitan egiteko moduko erreforma proposatu du. Lehenengo urratsa, epe laburrera egin beharrekoa dela dio: justifikatu gabeko pribilegioak kentzea eta herritar guztiei zerga ordainaraztea da. Bigarrena, berriz, epe ertainera egin beharrekoa: zerga guztiak igotzea.
«Hasteko, PFEZn dauden hobariak eta salbuespenak kenduko nituzke, sistema duala desagerrarazi, sozietateen gaineko zergan dauden pizgarriak kendu eta zeharkako zergak igo, esaterako, transmisioen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergak eta matrikulazio zerga. Horrez gain, enpresa handienei eta errenta altuenei aldi baterako elkartasun zerga bat ere ezarriko nieke, eta Espainiako Gobernuak egin duenaren auka, ez nituzke bat egiten duten kutxak zergak pagatzetik libratuko. Behin hori dena eginda, zerga guztiak igoko nituzke».
ELAko ordezkariak ere oso antzera pentsatzen du. Errentarik altuenei PFEZ igotzea ondo iruditzen zaio, baina ez soilik puntu bat edo bi, progresibitatea soilik langileei aplikatzen zaiela baitio. «PFEZn egin dituzten aldaketen ondorioz, kapitalaren gaineko zergetan ez dago progresibitaterik eta, oro har, enpresa jarduera profesionaletan aritzen direnek iruzur handia egiten dute». Horregatik, Lopezek dioen moduan, iruzurraren kontrako borroka indartzea ezinbestekoa dela uste du Novalek. «Baina batak ez du bestea kentzen: zerga sistema goitik behera erreformatu behar da eta, aldi berean, iruzurraren kontra borrokatzeko ahalegin handiagoa egin behar da».
Hala ere, ez da fio politikariekin. Azken asteetan iragarri dituzten neurrietako asko propaganda hutsa direla iritzi du, azaroko hauteskundeetara begira egiten ari diren propaganda, hain zuzen. «Zergak igoko dituztela esaten ari direnetako askok ez dutela batere sinesgarritasunik, eta azken urteetan egin dituzten politika fiskalak dira horren frogarik onena. Hemen eta Espainian, PP, UPN, PSOE eta EAJ ados egon dira zergak jaisteko. Beraz, orain kontrakoa planteatzea, gutxienez susmagarria bada».
Aberatsentzat zerga
Kutxa irekitzeko prest ote?
AEBetako, Frantziako eta Alemaniako zenbait aberatsek zergak igotzeko eskatu dute krisiaren faktura pagatzen lagun dezaten; Hego Euskal Herrikoek, ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu