Eusko Legebiltzarrera bueltatuko da gaur aurrezki kutxei buruzko eztabaida. Finantza erakunde horiek arautzen dituen legearen erreforma aztertzeari ekingo dio Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordearen barruan eratutako lantaldeak. Ez da tramite hutsa, kutxetako gobernu organoak eratzeko, antolatzeko eta gehiengoak lortzeko sisteman dagoelako Kutxabankeko administrazio kontseilua kontrolatzeko giltza.
Eusko Jaurlaritzaren asmoa moldaketa uda aurretik onartu eta martxan jartzea da. Jadanik atzerapenak izan ditu, besteak beste, Bizkaiko Aldundiak foru eskumenak urratzen zituela argudiatuta jarri zuen helegitearen ondorioz. Azkenean, Patxi Lopezen gobernuari arrazoia eman zion arbitratze batzordeak, eta legearen bideak aurrera jarraitu zuen.
PSEk, PPk eta EAJk, hirurek diote moldatu behar dela, baina zenbait puntutan ezadostasun nabarmenak daude haien artean. Ikuspuntu ezberdinak inon baino hobeto batzar orokorretako banaketa moduan islatzen dira: Legebiltzarrean ordezkaritza duen alderdi bakoitzak ordezkaritza banatzeko modu bat defendatuko du. Zazpi izango dira, Jaurlaritzak aurkeztu eta PSE-EEk defendatuko duena kontuan hartuta.
Espainiako Gobernuak azken urteotan finantza sisteman egin dituen lege aldaketak aintzat hartu eta egokitu nahi ditu Ekonomia Sailak. Horien artean erakunde publikoetako ordezkaritza murrizteko erabakia dago. Hain zuzen ere, kutxetako gobernu organoetan orain ordezkaritzaren %50 dute, eta gehienez ere %40 izango dute geroan.
Muga berria baliatuz, sektore bakoitzak duen pisua aldatzeko borondatea dute sozialistek, eta, horrekin batera, orain arte ordezkaritzarik ez zuten beste talde batzuei ireki nahi dizkiete batzarrak: Eusko Legebiltzarrari, Biltzar Nagusiei eta interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeei, hain zuzen ere. Horiei lekua egiteko, kutxetako erakunde fundatzaileei — hiriburuetako udalak eta foru aldundiak — eta herrietako udalerriei zegokien ordezkaritza %50etik %29ra jaisteko asmoa du.
Carlos Agirre Ekonomia sailburuak esan du euskal gizartean dagoen dibertsitatea eta pluraltasun politikoa hobeto islatzeko helburuarekin egindako «aukera politikoa» dela. Haatik, mugimendu horren bidez, gaur egun EAJk kutxetan duen nagusitasunari mugak jartzeko asmoa ere badago; PSEk eta PPk aspalditik dute helburu hori. Gaur egun, BBK eta Kutxako administrazio kontseiluetan gehiengoa dute jeltzaleek, eta Vitalen ere gobernu organoak kontrolatzen dituzte, sozialistekin elkarlanean.
Helburu orokorrekin ados badago ere, PP ez dator bat Jaurlaritzak proposatu duen banaketarekin. Popularrek ez dute ontzat jo Eusko Legebiltzarrak ordezkaritza izatea. Aldiz, Batzar Nagusiei dagokien zatia handitzeko eskatu dute, Araban duten botereari etekin handiagoa ateratzeko asmoz.
Kutxabankera begira
Dena den, Kutxabanken etorkizun hurbila da gaur egun PPren eta PSEren arteko tirabira nagusia. Kutxetako gobernu organoak berritzen direnean, horiek parte hartzen duten bankuaren administrazio kontseilua ere berritu behar dela dio legearen 37. artikuluak, hots, legea indarrean sartu eta BBK, Kutxa eta Vitaleko batzarrak eta kontseilu berriak aukeratu ondoren, Kutxabankeko zuzendaritza aldatu beharko litzateke. Halaber, kutxetako kontseiluetan ordezkaritza duten sektore guztiak bankuko kontseiluan ordezkatuta egongo direla jasotzen du legeak, dagokien proportzioan.
EAJk eta PPk zuzenketak aurkeztu dituzte, puntu horiek moldaketatik ezabatzeko. Kontuan hartu behar da jeltzaleak eta popularrak ados jarri zirela Kutxabankeko administrazio kontseilua osatzeko. Akordio horri esker, EAJk hamar eserleku eta gehiengo osoa du; popularrek lau ordezkari dituzte, eta PSEk bakarra, Carlos Zapatero Vitaleko presidentea. Zuzenketen bidez, Kutxabankeko kontseilua blindatzea eta aldatu behar ez izatea nahi dute. Akordio polemikoa izan zen, Gipuzkoak kontseiluan duen pisua gutxitu zuelako.
Legeak ez behartuta ere, prozesuak aurrera egin eta kutxetako agintaritza berritzen denean nolako aldaketak egin beharko diren ez dago argi. Esaterako, Gipuzkoan Bilduk Kutxako batzarrean gehiengoa lortzen badu,aurreko legealditik dauden ordezkariei zaila izango zaie Kutxabanken jarraitzea, sekulako iskanbila sortu gabe behintzat.
Kutxabank kontrolatzeko giltza
Eusko Legebiltzarreko lantalde batek gaurtik berriro helduko dio aurrezki kutxak arautzen dituen legearen erreformariBatzar orokorretako eserlekuak banatzeko zazpi proposamen aurkeztu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu