Kutxabanken parte bat pribatizatzeko proposamenak sortu duen ezinegonak erantzuna izango du kalean. Euskal gehiengo sindikalak, ELA eta LAB buru, mobilizazioak indartuko ditu aurrerantzean, prozesua gelditzeko asmoz. Lehen harria ekainaren 21ean jarriko dute, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio nazional baten deialdiarekin. Mobilizazioak gizarte eragile ugariren babesa jaso du dagoeneko.
Antolatzaileek argi dute: Kutxabankek gaur egun duen kontrol publikoa gutxitzeko, eta, luzera begira, ezabatzeko bide orria martxan da. «Ez da eragiketa finantzario hutsa, erabaki politiko itzela da», ohartarazi du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, bultzatzaileen izenean.
Gaur egun, Kutxabank banku pribatua da, baina jabetza guztia Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxen eskuetan dago. BBK-k akzioen %57 ditu, Kutxak %32 eta Vital Kutxak %11. Espainiako Gobernuak onartu zuen lege aldaketa baten ondorioz, urtea amaitu baino lehen aurrezki kutxa izateari utzi, eta banku fundazio bihurtu beharko lukete hiru erakunde horiek.
Prozesu horren barruan, akzioen parte bat saltzeko aukera mahai gainean jarri du Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek. Etorkizunean, Kutxabanken %30 soilik kutxen esku geratuko litzateke, ideia hori mamituta. Hortaz, akzioen gehiengoa bestelako inbertitzaileen eskuetan geratuko litzateke. Apirilean bankuko zuzendaritzara proposamen ofiziala eramango zuela aurreratu zuen Fernandezek, baina ez du oraindik eraman.
Pribatizazizio partziala beharrezkoa dela argudiatzeko, Espainiako legeak ezartzen dituen baldintzak aipatu ditu Fernandezek. Nagusia, erreserba funts bat eratu behar izatea, balizko kapital gabeziak estaltzeko. Hori sortzea «bateraezina» iruditzen zaio gizarte ekintza bermatzearekin. Kritikoek, ordea, legeak ez duela nahitaez pribatizazioa behartzen ohartarazi dute. «Legeak derrigortzen duelako, ez, hau aspaldiko ametsa da geure kontroletik ateratzeko, eta espekulatzaileen eskuetan uzteko», Etxaideren hitzetan.
«Gelditzea posible da»
Fernandezek proposamena egin eta egun gutxira, Iñigo Urkullu lehendakariaren babesa jaso zuen. Benetako eztabaida publikoa ez dela egin nahi salatu du Adolfo Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak. «Gizarteari gezurra esaten ari zaio».
Edonola ere, inbertitzaile pribatuen sarrera gelditzeko aukera badagoela ziurtatu du Muñozek, erantzun indartsua badago: «Banakako ahalegina eta kolektiboa egiten bada, pribatizazio prozesua gelditzea posible da».
Esparru politikoan EH Bilduk bakarrik errefusatu du goitik behera Fernandezen planteamendua. Gehiengo sindikalak ere kanpaina bat abiatu du. Kontrako jarrera hori ELAri kargu hartzeko baliatu du EAJk.Muñozen sindikatuari «manipulazio demagogikoan eta gizartea beldurtzen» aritzea egotzi zion Andoni Ortuzarrek. Bankuaren geroan parte hartzeko «zilegitasun osoa» dutela erantzun dio Muñozek.
La Caixa joan den astean bihurtu zen banku fundazio. Ezin dela eredu izan uste du Muñozek. «Espainiako eta atzerriko enpresen eskuetan utzi dute», azpimarratu du. La Caixaren patronatuan, besteak beste, Cesar Alierta (Telefonica) eta Carlos Slim handikia sartu dira aldaketarekin.
Kutxabank pribatizatzeko aukera kalean salatuko dute sindikatuek
ELA eta LAB buru, manifestazio nazionalera deitu du gehiengo sindikalak ekainaren 21erako, hainbat gizarte eragilerekin bateraMuñozek ohartarazi du «zilegitasun osoa» dutela bankuaren geroaz aritzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu