Finantzak. Eskaera berriak bankuei

Kutxabankek 570 milioi behar ditu oraingo eskaerei aurre egiteko

Eraikuntzako aktibo ustez osasuntsuen %30 estaltzera behartu du Espainiako Gobernuak, 30.000 milioi guztiraBeren esku dituzten higiezinak sozietate batean bildu beharko dituzte bankuek

Iker Aranburu - Ivan Santamaria
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Finantza erakundeei 54.000 milioi euro baztertzea eskatu eta hiru hilabete eskasera, beste 30.000 milioi euro gordetzeko eskatu die Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak. Orain arte arriskurik gabekotzat jotzen ziren eraikuntza maileguetan estaldura handitzea da helburua. Abenduko kontuen arabera, Kutxabankek ia 570 milioi euro jarri beharko lituzke oraingo eskaera betetzeko. Diru horretatik zati bat dagoeneko hornituta izatea ez da baztertu behar.

Finantza merkatuetan eta Europako hiriburuetan Espainiako finantza sektoreari buruzko mesfidantza gero eta handiagoa dela ikusteak bultzatu du Madril hornidura gehiago eskatzera. Behingoz bankuen benetako egoera zein den azalarazi nahi du horrela, eta laguntza behar dutenak eta osasuntsu daudenak bereizi.

Aurrekoan, etxegintzarekin lotutako zalantzazko aktiboak (lurzoruak, eraikitzen ari diren etxeak edo jada eraikita daudenak) estaltzera behartu zituen; orain- goan, berriz, egoera onean omen dauden aktiboak ditu jomugan Guindosek. Aurretik, aktibo horien %7ren adinako diru hornitu behar zuten, eta, oraingoan, batez beste %30 hornitu beharko dute.

Diru gehiago zorurako

Hornidura maila desberdina da aktiboaren arabera, lurzoruak arriskutsuagotzat jotzen baitira dagoeneko eginda edo bidean dauden etxeak baino. Prozesua amaitzean, orotara %52 estalita izan beharko dute berme gisa lur zorua duten maileguek; %29 amaitu gabeko sustapenek berme gisa dituztenak, eta %14 jada amaitutako etxebizitzen bidez bermaturik dauden maileguak.

Kutxabanken kasuan, hiru aurrezki kutxek abenduaren 31n itxitako kontu ofizialen arabera, 5.790 milioi euroren maileguak emanak zituen eraikuntzarako. Horietatik 3.323 milioi arriskutsutzat jo zituzten BBK-k, Kutxak eta Vitalek, eta, horietan izan zitzakeen galerak estaltzeko, 1.266 milioi baztertuta zituzten; %38,alegia. Hortik aparte, 955 milioi euro gordeta zituzten hornidura orokor gisa, eta, desjabetutako etxe eta lurzoruen balio galerari aurre egiteko, beste 760 milioi gertu dituzte.

Arriskurik gabeko kredituak, berriz, 2.467 milioi izango lirateke. Otsaileko Guindos I dekretua betetze aldera, horietatik %7 jada estalita zituen bankuak. Orain, berriz, %30era iristeko — 740 milioi—, 567,6 milioi geratuko litzaizkioke. Horri ken dakizkieke azkenaldian agian egin dituenak.

Otsailean kaleratutako ohar batean, Kutxabankek jakinarazi zuen orotara 3.100 milioi euroren hornidurak zituela, eta %63ko hornidura zuela: %52 aktibo arriskutsuei dagokie, eta gainontzeko %11, hornidura arruntei. Halaber, dagoeneko eraikuntzako aktiboen %70 arriskutsuen artean sailkatu duela jakinarazi zuen, «gardentasun ariketa batean». Sektoreko batez bestekoa %54 zen.

Ekonomia Ministerioak hilabeteko epea eman die finantza erakundeei dekretua nola beteko duten jakinarazteko. Hornidurak kapitalaren bidez estaltzen dutenek azaldu beharko dute bost hilabeteko epean nola beteko duten zuloa. Nahiko dirurik ez duten bankuek Estatuari laguntza eskatu ahal izango diote. FROB funtsaren bidez, coco izeneko bonuak eskainiko dizkie, hau da, baldintza jakin batzuetan akzio bihur daitezkeen maileguak. Guindosek nabarmendu nahi izan du mailegu horiek ez direla «laguntza publiko», besteak beste,%10eko interesa pagatu beharko dutelako bonu horien truke. Hain interes handia jarrita —merkatuak Estatuari eskatzen dionaren ia halako bi—, Estatuak espero du bankuek beste bideak baliatuko dituztela hornidurak egin ahal izateko.

Gobernuak kalkulatu du asko jota 15.000 milioi euro gehiago jarri beharko dituela. Horietatik zati handiena Bankiari dagokio. Guindos I dekretua betetzeko 2.600 milioi falta zaizkio, eta orain beste 4.500 milioi inguru beharko ditu. Bankiaren jabe BFA Estatuaren esku geratu denez, diru publikoa baliatu beharko dute horretarako ere. Santanderrek eta BBVAk ere hornidura asko dituzte egiteko, baina pentsatzekoa da Espainiatik kanpoko irabaziei esker erraz egingo dutela. AEB Espainiako bankuen patronalak ziurtatu du laguntza publikorik jaso gabe saneamendua bururaino eramango dutela erakundeek.

Etxebizitzak, salgai

Atzo iragarritako beste aldaketabat da finantza erakunde guzti-guztieksozietate bat sortu beharko dutela etxegintzako beren aktibo toxikoak sartzeko. Hor geratuko dira ordainketa ezagatik bankuek beren kutxetan sartu behar izan dituzten lur sailak, sustapenak eta etxebizitzak, edo egoera horretan geratzekotan daudenak. «Bankuek finantzetaz arduratu behar dute, eta ez etxeak saltzeaz», argudiatu du Guindosek. Ministroak espero du neurri horri esker etxebitza asko aterako direla merkatura, «prezio egokietan». Merkatua mugitzen dela ziurtatze aldera, dekretuak dio urtero aktibo horien %5 gutxienez saldu beharko dituztela sozietate horiek. Laguntza publikoa jaso duten taldeek hiru urtean saldu beharko dituzte. Aurtengo abenduaren 31rako osatu beharko dute sozietate hori, baina beste urtebete izango dute fusio prozesuetan murgilduta daudenek.

Kutxabankek 1.631 milioi euroren aktiboak zituen desjabetuta abenduaren 31ean. Haietako zatirik handiena lurzorua da (687 milioi). Amaitutako eraikinak 404 milioi dira, eraikitzen ari direnak 108 milioi eta bestelakoak (partikularren etxebizitzak, haien artean) 430 milioi.

Gainera, Gobernuak beste hilabete eman die —ekainaren 30era arte— bankuei beren bat-egite planak aurkezteko. Maiatzaren 31era arte zuten epea, baina bankuek tarte handiagoa eskatu zioten, aurretik jakin nahi zutelako zenbateko hornidurak egin behar izango zituzten. Egoera horretan daude, esaterako, Liberbank eta BMN. Ez da baztertu behar Aragoiko Ibercaja ere talde horretansartzea. Erakunde horiek guztiek apenas dute presentziarik Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.