Kutxabankek hazkunde betean jarraitzen du. 461,7 milioi euroren irabazi garbiak lortu ditu 2025eko lehen bederatzi hilabeteetan, iazko aldi berarekin alderatuta %16,5 gehiago. Interes tasek eraginda, 1.409 milioi euroren diru sarrerak izan ditu, %6,9 gutxiago. Baina zerbitzu eta aseguru negozioaren hazkundeak —%5,6 gehiago— orekatu egin du jaitsiera hori. Guztira, bankuaren negozio bolumena 143.379 milioi eurokoa da, %8 handiagoa.
Bereziki kredituen alorrak egin du gora. Hipoteka berrien kopurua %36,5 handitu da (3.257 milioi euro), eta kontsumorako maileguak %9,8 (611 milioi euro).
Kutxabankek nabarmendu du «finantzaketa jasangarria» indartu duela: 2.965 milioi euro eman ditu mota horretako proiektuetarako, %65 gehiago, eta horien %75 enpresentzat izan dira.
Aseguruen jarduerak ere gora egin du, %5,6: guztira, 97.000 poliza berri baino gehiago eman ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, eta primak %20 handitu dira.
Horrekin guztiarekin batera, bankuaren ondareak —inbertsio funtsak, aurreikuspen planak eta kudeaketa delegatuak— %10 egin du gora. Guztira 43.500 milioi euro baino gehiago kudeatzen ditu.
Kutxabankek nabarmendu duenez, «Espainiako bankuen sektorean kaudimen eta berandutze ratiorik onenak» ditu. Kaudimen ratioa %21 da (CET1), eta berankortasun tasa %1,1era jaitsi da.
Gaineratu du aurrera jarraitzen duela Benetan 2025–2027 Plan Estrategikoarekin. Hor sartzen dira Espainiako Cajasur bankuaren integrazio osoa eta enpresetan partaidetzak Indar Kartera inbertsio funtsa indartzea.