Kutxabanken irabaziak %24 handitu dira 2025. urtearen hasieran

Interes tasen jaitsierak maileguen errentagarritasuna txikitu du, baina kreditu gehiago emanez eta zerbitzuen salmentaren bidez konpentsatu du. Ez du bankuen gaineko zergarik ordaindu behar izan.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko maiatzaren 2a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iazkoa urte ona izan zen Kutxabankentzat, banku denetik inoizko irabazirik handienak lortu baitzituen, ia 536 milioi eurorenak. Aurten, marka hori erraz hausteko moduan dabil, lehen hiru hilabeteetan 148,9 milioi euro irabazteko gai izan baita, iazko urte hasieran baino %24 gehiago.

Interes tasak jaisten ari dira, eta testuinguru horretan handitu dira Kutxabanken mozkinak. Tasa apalago horiek eragina izan dute bankuaren emaitzetan, %10,3 murriztu baita interes marjina; hau da, erakundeak aurrezkiaren truke ordaintzen dituen interesek eta maileguen truke jasotzen dituen interesek duten aldea.

Interes apalagoek, ordea, izan dute ondorio positiborik bankuaren ikuspegitik. Izan ere, 1.042 milioi euro jarri ditu etxebizitzak erosteko maileguetarako, 2024 hasieran baino %35 gehiago. Enpresentzako kreditua %12 hazi da, eta %13,6, berriz, kontsumoa finantzatzekoa.  

Ohiko negozioan izandako jaitsiera beste diru sarrera batzuekin konpentsatu du Kutxabankek. Horrela, 164,5 milioi euro patrikaratu ditu aseguruen eta beste zerbitzuen salmentari esker. Azken horien artean, berriro nabarmendu dira inbertsio funtsen, pentsio osagarrien eta antzeko produktuen kudeaketarengatik lortutakoak; arlo horretan %10 handitu dira kontratazioak, eta dagoeneko 42.000 milioi kudeatzen ditu.

Zergen eragina

Baina bada Kutxabankek bere oharrean nabarmendu ez duen faktore bat, 2025. urtearen hasierako emaitzetan funtsezko eragina izan duena: zergak. Iazko lehen hiruhilekoan, 73 milioi euro ordaindu zituen bankuen gaineko zerga bereziarengatik, baina aurten ez da halakorik izan, zerga horretan aldaketak izan direlako —zerga iraunkor bat izango da orain, eta ez aldi baterakoa— eta foru ogasunek eta batzar nagusiek tramitazioa bukatu gabe dutelako.

Edonola ere, oso litekeena da zerga berrituak kostu txikiagoa izatea Kutxabankentzat —hura da Hego Euskal Herriko ogasunen menpeko zerga ordaindu behar duen bakarra—. Kontua da bankuen zergarekin ordaindu beharrekoa sozietate zergaren truke ordaindu beharrekotik kendu ahal izango dela. Arrazoi horregatik beragatik, Bankinterrek iragarri berri du aurten ez duela ordaindu beharko bankuen gaineko zergarik.

DATUAK

%1,24

Berankortasuna zenbatekoa den. Kutxabankek ez du arazo handirik maileguen itzulera dela eta. Zalantzazko maileguak %1,24 baizik ez dira (%1,28, 2024 amaieran), eta bere lehiakideen batezbestekoa %3,3 da.

118,5

Zuzkidurak zenbatekoak diren, milioi eurotan. Zalantzazko maileguekin arazo handirik izan ez arren, horien balizko galerak estaltzeko hornidurak handitu ditu Kutxabankek: 118,5 milioi euro baztertu ditu urtarriletik martxora, iaz baino %22,7 gehiago.

2.000

Zenbat etxebizitza egitea finantzatu duen. Etxebizitzen erosketa ez ezik, haien eraikuntza ere finantzatzen ari da Kutxabankek. Urteko lehen hiruhilekoan 2.000 etxebizitza egiteko dirua jarri zuen, inoiz baino gehiago.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.