Hirugarren lan hitzarmena izango duena sinatzeko bidean da Kutxabank. Ez du lortu, ordea, sindikatuen erabateko babesik, %59ko ordezkaritza duten sindikatuekin soilik lortu baitu akordiorako oinarria: CCOO, Pixkanaka eta ALE. Hain zuzen, ALE zegoen otsailaren 18rako eta martxoaren 17rako bi greba egunera deitu duten sindikatuen artean, ELA, LAB eta Asprobankekin batera.
Kutxabankek azaldu duenez, lan hitzarmenak «egonkortasuna eta sendotasuna ekarriko du egungo ingurune ekonomiko zailean». Sei urtez izango da indarrean, 2019tik 2024ra. Tarte horretan soldatak «KPIari lotuta» igoko dira, eta aldatu egingo dira antzinatasuna sortzeko zenbait mekanismo automatiko. Horrela kostuei eutsi ahal izango diela nabarmendu du bankuak.
Hitzarmenak «hobekuntzak» ekarriko ditu hainbat arlotan, «bereziki lana eta familia bateratzeko neurrietan». Izan ere, kontziliazio premiei erantzuteko, urteko orduak gehituko ditu, arauak malgutuko ditu amatasun eta aitatasun baimenetan eta lanaldi murrizketetan, eta kontziliazio arrazoiengatik ordaindu gabeko baimenak erraztuko ditu.
Hitzarmenak bi batzorde sortuko ditu: bat langileen sustapenak aztertzeko, eta besteak sortzen diren kontratazio beharrak aztertzeko.
Telelana ere lehen aldiz arautuko du BBKren, Kutxaren eta Vitalen bankuak. Etxetik lan egiten duten langileentzako konpentsazioak izango dira, betiere lanaldiaren % 30 gutxienez eta % 80 gehienez egiten badute, aurrez aurreko lanegun bat bermatuz.
CCOOren baiezkoa
Kutxabankeko sindikatu nagusiak, CCOOk, ontzat jo du sinatutakoa, eta azpimarratu du bankua dela lan hitzarmen propioa duen bakarra. Hitzartutako soldata igoera %5,75 artekoa izan daitekeela aipatu du, Espainiako hitzarmenak finkatutakoaren halako bi. Antzinatasunari dagokionez, Espainiako itunak %3 jaitsiko duela gogoratu du, eta Kutxabankekoak %4ko gainsariari eusten diola.
«Hitzarmen honekin, sektoreko edozein langilerentzat erreferentziazkoa izango den itunarekin jarraituko dute Kutxabankeko langileek, eta lasaitasunez ekingo diete hurrengo urteei, mehatxu serioa baitzegoen erakundearen aldetik hitzarmena desagertarazteko».
ELAren ezezkoa
ELAk ez du sinatu akordiorako oinarria, uste baitu oraindik indarrean daudela langileak grebara eraman zituzten arrazoiak. «Negoziazioan ez da aurrerapausorik eman ELAk jarrera aldatu izana justifikatzeko».
Agiri baten bidez, ELAk ziurtatu du enpresak bere helburu guztiak lortu dituela, horien artean soldatak gutxi igotzea, antzinatasuna mugatzea eta langile erretiratuek osasun aseguru pribatua galtzea. Horregatik guztiagatik, «hitzarmen murriztaile» bat dela iruditu zaio ELAri, eta ez du baztertzen protestak egitea aurrerantzean ere. Sindikatuak gogorarazi duenez, bankuak 180 milioi euro irabazi zituen iaz, «pandemia betean egon arren».