Kutxabanken irabaziak %26,1 handitu dira urteko lehen seihilekoan

Etxebizitzak erosteko maileguetan 2.280 milioi euro eman dituzte: iaz baino %42 gehiago. Kontsumoa finantzatzeko kreditua, berriz, %9 hazi da; 403 milioi euro, alegia.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2025eko uztailaren 24a
16:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Iazko marka hausteko bidean jarraitzen du Kutxabankek: ia 536 milioi eurorenak izan ziren 2024an lortutako irabaziak, eta dagoeneko 332,4 milioi euro pilatzeko gai izan da 2025eko lehenengo sei hilabeteetan; iazko tarte berean baino %26,1 gehiago. Gainera, «gizarteari egiten dion ekarpenaz» harro agertu da Kutxabank, taldearen diru sarreren %74 —738,3 milioi euro— gizartera itzultzen dela esanda, soldatetan, hornitzaileei egindako erosketetan, zergen ordainketan eta dibidendu sozialean.

Interes tasek beherantz jarraitzen dute, eta, bankuaren ikuspegitik, horrek badauka ondorio positiborik: «2025eko lehen seihilekoan, tasa jaitsierak inbertsio eskaria berraktibatu duela egiaztatu da». Horiek horrela, Kutxabankek 2.280 milioi euro jarri ditu etxebizitzak erosteko maileguetarako, 2024ko lehen seihilekoan baino %42 gehiago. Kontsumoa finantzatzeko kreditua, berriz, %9 hazi da; 403 milioi euro, alegia. Enpresentzako kredituari dagokionez, %16,6 egin du gora.

Online kontratazioa

Esparru horietan, online kontratazioa gero eta handiagoa dela nabarmendu du Kutxabankek. Besteak beste, hipoteken %94 kanal digitalen bidez kudeatzen dira, baita kontsumorako kredituen %85 ere. Izan ere, bezeroen %66,7k aktibatuta omen daukate banka digitala.

Aseguruen eta beste zerbitzuen salmentan ere hazkunde nabarmena izan da urteko lehen seihilekoak. Azken horien artean, berriro nabarmendu dira inbertsio funtsen, pentsio osagarrien eta antzeko produktuen kudeaketarengatik lortutakoak; eta dagoeneko 42.000 milioi euro baino gehiago kudeatzen ditu. Azkenik, Kutxabankek 65.500 aseguru poliza berri egin ditu 2025eko urtarriletik ekainera bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.