Irailera arte izan dituen emaitzei buruzko informazioa zabaldu du gaur Kutxabankek, ohar baten bidez. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan taldeak 100 milioi euro garbi irabazi ditu. Aurreko urtearekin alderatuz, mozkinak %66 handitu dira. Gehiago ere izan zitekeen, kontuan hartuta balizko galerak estaltzeko 280 milioi gehiago gorde dituela bankuak. Horri esker, kaudimena are gehiago indartu du: Core Tier ratioa %12,9ra igo da, ia 2013ko itxieran baino puntu bat gehiago.
Mailegu eskaintzan hazkunde adierazgarriak izan dituela nabarmendu du bankuak. Hala, urtea hasi zenetik hipoteka berrien kopurua %30 igo da, eta kontsumorako kreditua, %37. Enpresentzako finantzazio berria ere %30 handitu da, aurreko urteko datuekin alderatuta.
Urte osoko interes marjinak behera egin du, baina ekainetik irailera %1 igo izanari garrantzia eman dio bankuak. Bankuak 256 milioi euro kobratu ditu komisioetan, aurreko urtean baino %7 gehiago. Finantza diru sarrerak zamatu dituzten hainbat faktore aipatu ditu Kutxabank-ek. "Hala nola, legeak ezarriako baldintzen baitan IRPH indizearen ordezkapenak — azaroaren 1ean erabat amaitutako eragiketa — edota zoru-klausura zehatz batzuen desagerpena".
Berankortasun tasak bere horretan eutsi dio. Talde osoarena %5,8 izan da iraila arte. Zalantzazko aktibo berrien kopurua %50 jaitsi da urtearen joanean.