Kutxak 52 milioi euro eskuratu ditu irailera bitartean

Iaz epe berean baino %47,8 gutxiago irabazi du; hala ere, esperotako emaitzak betetzen ari dela nabarmendu du

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Aurrekontuetan finkatutako helburuak betetzen ari dela nabarmendu du Kutxak. Urtarriletik irailera bitartean, 52 milioi euro irabazi ditu. Iazko datuekin konparatuta, %47,8ko jaitsiera erakusten du horrek. Kutxaren esanetan, aurten, iaz ez bezala, ez du izan aparteko dibidendurik, eta horrek eragin du jaitsiera. Ekainetik, %3,04tik %3,43ra igo da berankortasuna. Sektorean, ordea, batez beste, %5,52koa da. Zalantzazko aktiboen estaldura ere hobea du Kutxak, %102koa da, sektorean %61,02koa den bitartean.

«Likidezia egoera onean jarraitzen dugu, eta horrek aukera ematen digu gizartearen kreditu eskaerari taxuz erantzuteko, bai partikularren kasuan eta bai enpresen alorrean ere», adierazi dute finantza erakundeko ordezkariek. Guztira, 16.360 milioi utzi dizkie bezeroei. Aipatzekoa da urtebetean %3,1 handitu dela etxeak erosteko emandako mailegu kopurua.

Ehun milioiko zuzkidura

«Zuhurtziazko kudeaketa lerroarekin jarraitzeko», finantza munduan gero eta presenteago dagoen pasiboen gerran ez sartzea erabaki duela dio. Gastuari eusteko «ahalegin berezia» egin du Kutxak, eta %4,9 jaitsi du iazko irailetik. Era berean, Espainiako Bankuaren zirkularrek ezarritakoa betez, 100,9 milioi euroko zuzkidurak egin ditu, 2009an baino %88,2 gehiago.

Gizarte ekintzari dagokionez, 46,3 milioi euro erabili dituela azaldu du. «4.228 jarduera gauzatu eta 1.670.763 onuradun izan dira. Alor horretako inbertsio bolumenari eusteko Kutxak hartu duen konpromisoirmoaren adierazgarri dira datuok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.